Hirugarren fasean sartzearekin batera, datorren astelehenean, ekainak 15, Majori Kiroldegia ireki egingo da eta zerbitzu batzuk eskaintzen hasiko da. Hala ere, hiru pauso ezberdinduko dira, ahalik eta gehien ekiditeko pilaketak eta segurtasun neurriak errespetatzen direla bermatzeko.

Majori Kiroldegia, instalazioen irekierarekin batera COVID-19aren aurkako kontingentzia plan bat prestatzen ari dira, ahalik eta segurtasun handiena izateko bai erabiltzaileek eta baita bertako langileek ere. “Prestatzen ari garen plana bizia izango da eta legedian emandako aldaketak bere gain hartuko ditu”, nabarmendu dute.

Ekainaren 15ean, beraz, honako gune hauek zabalduko dira:

  • Gimnasioa
  • Barruko igerilekua
  • Igerilekurako aldagelak
  • Taberna
  • Fisioterapia eta mediku zerbitzuak
  • Kantxak/Zelaiak
  • Terrazak eguzkia hartzeko
  • Tenis/Padel
  • Frontoia

Ekainaren 10etik aurrera  harrerako zerbitzua egongo da, honako ordutegian: 9:30-12:00 / 16:30-18:00. Ordu muga horietan Majori Kiroldegiko bazkideei telefono bidezko arreta egingo zaie.

Espazioak erabili ahal izateko hitzordua aurrez hartu beharko da. Horretarako bi bide daude: telefonoz (943 80 58 80) eta Majoriko App bidez (Google Play eta Apple Storen). Hala, gimnasioan makina lote batzuk erreserbatu ahalko dira. Erabilpenak 50 minutukoak izango dira eta erabilpen batetik besterako denbora desinfektazioa egiteko erabiliko da.

Barruko igerilekuan tarteak 30 minutukoak izango dira eta erabiltzaile bakoitzak bere kalea izango du. 7 kale egongo dira jarrita eta igerileku txikia bitan banatuko da, bizikideak erabili ahal izateko, jolas moduan, errehabilitazio moduan.

Aurreikuspenak betetzen badira eta aldaketarik ez badago, bigarren pauso batean kanpoko igerilekuak irikiko dira, ekainaren 22an. Erabilpen horren baldintzak hitzordu bidez aurreikusten dira, baina oraindik ere zehazteko dago, bitarte horretan araudiak eskatutakoak baldintzatu dezakeelako. Azkeneko pausuan, berriz, ekainaren 29an, Uda kanpainaren hasiera izango da. Aurten 11 pertsonako talde murriztuak izango dira, gehienez 4 edo 5 talderekin, segurtasun neurriak bete ahal izateko. Ez dira ohiko jarduerak egingo eta plangintza berezi bat prestatuko da ahalik eta kontaktu txikiena izateko erabiltzaileen artean. Ekaina bukaera-uztaila hasierarako ere aurreikusita daude bai saunaren eremu berriaren eta baita atletismo pistaren irekiera, baina hauek obren epeen baitan egongo dira.