IMG 20200217 120257"

Asteburu honetan 7.Ordizia Urpekoak Saria txapelketa ospatu da Ordiziako Majori kiroldegian. Txapelketako garaileak Oier Irisarri (AD San Juan – Iruña) taldekoa eta Irati Lakunza (Igarondo Urpekoak -Tolosa) taldekoa izan dira.

Gizonezkoen mailan, Oier Irisarri izan da garailea 1956 punturekin. Bigarren postua Aras Karakusentzat (Igarondo Urpekoak -Tolosa) izan da 1847 punturekin eta hirugarren postuan 1748 punturekin, Vadim Coselev (AD San Juan – Iruña).

Emakumeen artean, lehenengo sailkatua Irati Lacunza Tolosarra izan da 2059 punturekin; bigarren postuan Julia Laugé (CE Mediterrani - Bartzelona) 1879 punturekin; eta hirugarren postua 1796 punturekin Ane Gonzalez ordiziarrarentzat izan da (O.K.E.U). Aipatzekoak dira, alde batetik Irati Lacunza eta Oier Irisarrik bigarren urtez txapelketako garaileak izan direla; bestetik Irati Lacunzak Espainiako errekorra gainditu duela 100 eskafandra proban; eta bukatzeko, Ane Gonzalez Ordiziako taldeko lehenengo emakumea izan dela lehen hiru postuetan sailkatzea lortu duena txapelketa honetan.

Bestalde, Ordizia K.E. Urpekoakeko igerilariek, froga bikainak egin dituzte. Taldeko igerilarien artetik nabarmentzekoa da Josu Sarasolak eginiko Euskadiko errekor berria 200m urazaletik proban 1:28,47-era jaitsiz; eta hau gutxi balitz, Ane Gonzalezek ere proba berdinean Euskadiko errekorra hobetu du baita ere 1:38,84an jarriz.

10 taldetako 200 igerilarik parte hartu dute antolakuntzak prestatu dituen froga desberdinetan. Bestalde, antolakuntza, ekitaldi honetan lorturiko denbora eta txapelketaren maila orokorrarekin oso pozik azaldu da. Gainera, txapelketan zehar lorturiko emaitzen ondorioz, txapelketako kirol maila handia argitara eman da.

"Kirol-maila bikainaz gain, aipatzekoa da baita ere Ordiziako Majori Polikiroldegian izandako giro polita. Ikusle ugari gerturatu dira lehia berezi eta ikusgarri hau bertatik bertara jarraitzeko asmoarekin, eta egun osoan zehar harmailak jendez gainezka egon dira", nabarmendu dute Urpekoak Elkarteko kideek.