Majori

Aurrera doaz Majori Kiroldegiko obrak, eta astelehen honetan, hilak 18, lehen emaitza horiek ikusiko dira, izan ere, kantxa txikia irekiko da.

Eremuak 40x20 metroko espazioa hartzen du, eta erabilera anitzekoa da. Besteak beste, saskibaloiko benjamin eta alebinek, eskubaloi taldeak, gimnasia erritmikoko taldek eta eskola kirolerako erabiltzen da. Horrez gain, areto futbolekoek erabiltzeko ere egokituta dago. Arratsaldeko 17:00etan egingo da irekiera ofiziala, eta bertan herriko taldeak entrenatzen hasiko dira.

Jon Ander Caballero, kirol zinegotzia: “Ordizian kirol talde asko ditugu eta garrantzia handikoa da kirol instalazio egokiak izatea. Obrak iraun duen bitartean, gure taldeek ondoko herrietako kiroldegietara jo behar izan dute entrenamenduak egitera, eta, beraz, albiste oso ona da Majoriko kantxa txikiaren irekiera”.

Orain ia urtebete, azaroaren 19an, hasi ziren Majori Kiroldegia birmoldatzeko lanak. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, obra horiek zein egoeratan aurkitu zituzten nabarmendu du: “korapilo handi batekin topatu gara obraren garapenean, baina gai izan gara hori askatu, gainditu eta konpontzeko, nahiz eta horrek hainbat epe atzeratzea eragin. Obrak bi fasetan banatu zirenean klimatizazioari zegokion partida moztu zen, zegoen aurrekontura egokitzeko. Egoera hori obraren hasieratik jakin bazen ere, ez da orain arte konpondu. Azkenean, kontratua eraldatzeko prozesuari heldu diogu, eta datorren plenoan onartuko dugun mailegu berri batekin falta diren lanak burutuko ditugu.”

Gimnasiorako, 80.000 euro

Bestalde, gimnasioaren irekiera atzeratu egingo dela ere azaldu du alkateak: “klimatizazio lan horien atzerapenak eragin du gimnasioa datorren urte hasieran zabaltzea, baina handiagoa izango den gimnasio berria guztiz hornituta zabalduko dugu 81.019,01 euroko (BEZ gabe) lizitazioa argitaratu delako makina berriak erosteko”.

Ekipamendu horiei dagokionez, funtzio anitzeko makinak, pisuen bidezko eta erresistentziako entrenamenduko ekipoa, eta muskulazio-bankuak eta pisuetarako apalak jarriko dira.