Marino Lejarreta KlasikaMarino Lejarreta Klasikaren V. edizioa jokatuko da igande honetan, urriak 6, Ordizian. Aurtengo edizioan, Joseba Beloki eta Hotel Castillo izango dira omenduak. Orain arte egin moduan, Ordizian eta Ordiziarekin Lejarreta txirrindulariak izan duen  harremana eskertu egin nahi da eta honenbestez, Chapel Gorri Elkarteak Udalarekin batera antolatu du bosgarren edizioa. Xehetasunak ezagutzera eman dituzte Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, Jose Luis Sanz, Chapel Gorriko ordezkariak, Marino Lejarreta berak, eta Joseba Beloki txirrindulariak. Alkateak esker oneko hitzak izan ditu antolatzaileentzat “goreneko txirrindularitza” ekartzeagatik Ordiziara eta goraipatu egin du “azken lau urteetan izaten ari den gorakada, bai talde aldetik eta baita emakumezkoen presentziagatik ere”.

Urtez urte indarra hartzen joan den proba izan da. Lehenengo edizioan, esaterako, 145 txirrindularik parte hartu zuten. Bigarrengoan gorakada nabarmena izan zen eta 335 izan ziren. Orain bi urte 405 izan ziren eta iaz, 455, errekorra eginez. Aurtengoan, berriz, marka hori gailendu egingo da eta 470 izango dira partaideak.

Taldeei dagokionean, azkenean 94 talde profesional izango dira, azken orduko aldaketa batzuk medio. Hasiera batean 100 taldek izena eman bazuten ere, azken egunetan ezin izan dute konfirmatu igandeko lasterketan egongo direnik. Horrez gain, emakumez osatutako taldeak ere lehiatuko dira. Guztira hamabi. Iaz, aldiz, bederatzi izan ziren. Bestalde, emakumez eta gizonez osatutako talde mixtoak zazpi izango dira.

Parte hartzaileen artean profesional izandako txirrindulariak daude. Hala nola, Marino Lejarreta, noski, eta  Abraham Olano (munduko txapelduna eta 47 garaipen izandakoa) eta Igor Astarloa, munduko txapelduna izandakoa. Horiez gain, Pavel Tonkov (35 garaipen eta 1996an Italiako Giroaren irabazlea), Haimar Zubeldia, Igor Anton, Juanma Garate, Arsenio Gonzalez, David Etxebarria, Jokin Mujika, Ezequiel Mosquera, Roberto Laiseka, Perdiguero, Dori Ruano, Ainhoa Artolazabal, Nuria Florencio, Arantzazu Azpiroz, Eneritz Iturriaga, Ziortza Isasi, Izaskun Bengoa eta Arantxa del Rio ere izango dira partaideak.

Omenduak

Sanzek nabarmendu nahi izan du Belokiri zergatik egingo zaion aitortza. Hala azaldu du: “Frantziako Tourreko podiumera igotzea lortu du hiru aldiz: bigarren postuan 2002 urtean eta 2000 eta 2001an hirugarren. Bestalde, Espainiako Itzulian hirugarren izan zen 2002an eta Federico Martin Bahamontes eta Pedro Delgadorekin batera, Frantziako Tourrean podium gehien lortu dituen bigarren txirrindulari espainiarra da, Miguel Indurainen bost sailkapenen atzetik”. Bestalde, Hotel Castillok ere jasoko du omenaldia, Ordiziako Klasikan emandako babesagatik eta Marino Lejarreta Klasikari ere laguntza emateagatik beti.

Bestalde, aurten ere aipagarria da aurten irabazleek txapela jasoko dutela, eta emakumezkoen kategorian lehen iristen direnek ere txapela jasoko dutela. “Berdintasunaren aldeko apustua egin dugu eta erabaki dugu lasterketako irabazleek eta emakumezkoetan lehen postuan iristen direnak saria izango dute”, gehitu du Jose Luis Sanzek.

Programa

Larunbatean hasiko da txirrindularitzaren festa. Hasteko, arratsaldean dortsalak eta akreditazioak jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Gauzak horrela, Barrena Jauregian bulegoa egokituko da tramite horiek egiteko, 16:30etatik 18:15era bitartean. 18:00etan, bestalde, Marino Lejarreta, Joseba Beloki eta Eduardo Chozas-ek hitzaldia eskainiko dute, Juan Mari Guajardo eta Arritxu Iribarren zuzendaritzapean. Horrekin zabalduko da txirrindularitza protagonista izango den asteburua.

Programako bigarren eguna izango da egun handia. Barrena Jauregiko bulegoa 8:00etan zabalduko da, eta taldeen aurkezpena 9:15ean hasiko da eta azken taldea atera arte iraungo du. Hala, aurkeztu ahala aterako dira erlojupeko proba egitera. Azken taldea 12:30ean aurkeztuko da.

Lasterketa amaitu ostean, 14:00etan, hasiko da omenaldia. Joseba Beloki eta Hotel Castilloko ordezkariak igoko dira taila gainera, eta ondoren sari banaketa hasiko dute. Amaitzeko, elkarrekin bazkalduko dute Beti Alai pilotalekuan.

Aldaketak ibilbidean

Orain arteko lau edizioetan Ordiziako Zuhaizti paretik atera dira parte hartzaileak eta Alegia, Amezketa, Abaltzisketa eta Zaldibia igaro ondoren berriz ere Ordiziara itzuli izan dira, 31,7 kilometroko ibilbidea eginez. Aurtengoan, ordea, noranzkoa aldatuko da, nahiz eta Marino Lejarreta Klasikak igaroko dituen herriak berdinak izango diren. Hala, Zaldibia izango da lehen igaroko duten herria, eta Abaltzisketa igo, Amezketara jaitsi, Alegi pasa eta berriz ere Ordiziara itzuliko dira.

Kontuan izan beharreko oharrak:

Igandeko klasikak trafikoan eragina izango du eta horregatik, goizean zehar, hainbat trafiko murrizketa izango dira. Aurten berrikuntza nabarmena lasterketaren noranzkoa denez, trafiko murrizketa gutxiago izango dira. Hala, autobus zerbitzuari dagokionez, Zaldibiako norantzan, Tximistako geltokia eta San Juan auzoko biribilguneko geltokiak baliogabetu egingo dira. Bestalde, zerbitzua normaltasunez emango da. Hala ere, Udaltzaingotik eskatzen da egun horretan trafiko lanak egiten arituko diren udaltzainei, Babes Zibileko boluntarioei eta, batez ere, antolakuntzatik helarazten dituzten gomendio eta jarraibideak kontuan izatea eta kasu egitea.