IMG 20190730 124715

Egokiagoa, berritzaileagoa eta profesionalagoa da zelaia, Errugbi Federazioaren araudia betetzeaz gain, FIFA homologazioa ere badu eta.

Aste honetan bertan amaitu berri dira Altamirako Errugbi eta Futbol zelaiaren berritze lanak. Hilabete hasieran hasi ziren eta 3 aste eskasean zelaia prest izatea lortu da, aurreikusitako epea baino lehen.

Adur Ezenarro Ordiziako Alkateak eta Jon Ander Caballero Kirol eta Gazteria zinegotziak zelai berrira bisita egin dute Odilo Rivela Majori Kiroldegiko zuzendariarekin.

Pozik agertu dira emaitzareki, izan ere, zelai profesionalagoa izango du hemendik aurrera Ordiziak.

Lanak hasi aurretik, Errugbi Federazioaren araudia jarraitzea eta FIFA homologazioa lortzea ezinbesteko helburu modura finkatu ziren, eta lortu da. Horretarako zelaia egokitzea beharrezkoa izan da, lehenik eta behin, belarraren azpian oinarri elastikoa ipiniz eta ondoren belar artifiziala zabalduz.

Neurriz apur bat txikiagoa da zelai berria, futbolari bideratutako espazioa 98 x 65 metrokoa da eta errugbiari bideratutakoa berriz, 113´8 x 65 metrokoa.

Erregadio sistemari dagokionez ere, berrikuntzak daude. Iaz anexoarekin egin zen moduan, belarrean txertatuta dauden aspertsoreak erabili dira horrela, erabilpena eta mantenua erraztuz.

Kirol-instalazio honen erabiltzaileen beste eskaeratako bat espazioa handitzea zen eta horri erantzuna emanez, biltegi berri batzuk ere sortu eta egokitu dira, kirol elkarte ezberdinek beharrezkoak dituzten materialak gorde ahal izateko.

Zaragozako Mondo Iberica enpresak bideratu ditu zelaiaren berritze lanak. Proiektu estrategikoa izan da Ordiziako Udalarentzat eta guztira 262.300,00 euroko inbertsioa egin du.

Errugbiko Nazioarteko Federazioa datorren abuztuaren 16an etorriko da Ordiziara zelaia ikusi eta homologazioak emateko. 

Bitartean, kirol elkarteak entrenamenduetarako zelai berria erabiltzen hasi ahal izango dira, abuztu amaieran dagokien txapelketa eta ligekin hasteko.