Maila altueneko materiala erabiliko da eta klubentzat biltegiak ere eraikiko dira

Altamira estadioko belarra berritzeko lanak hastear daude. Mondo Ibérica enpresa zaragozarrari eman zaio obra egiteko ardura.  Aurrekontua 304.331 eurokoa zen, BEZ aparte, eta 262.300 eurotan esleitu da. Behin obra hasita gero, 46 egunetan amaitzeko konpromisoa dago. Hala, kirol taldeek denboraldia hasi aurretik euren entrenamenduak normaltasunez hasteko aukera izango dute.

Materiala Mondo Ibericak ekoizten du. ‘Mondoturf NSF dual 18 60 AS ETF 12’ modeloa da, ‘monofilamento’ eta ‘fibrilado’ elementuen konbinatua. Base elastikoa aurrefabrikatua izango du, 12mmkoa. FIFA eta IRB regulation 22 araudiak beteko ditu eta futbolean nahiz errugbian jokatzeko homologazio eskakizuna beteko du. Ureztatzeko ihinztagailu edo aspersore berriak jarriko dira, igo eta ezkutatzen direnak. Anexoan horrelakoak jarri ziren iaz eta  esperientzia ona izan da. Zelaiaren kolorea berdea izango da eta zelaiaren buelta, urdina.

Zelaia berritzeaz gain, biltegi multzo bat eraikiko da zelai ondoan. Hainbat espazio berri prestatuko dira, tamaina ezberdinetakoak, kirol elkarteek euren materiala gordetzeko erabiliko dituztenak. Dena batera egingo da, bai belarra eta baita biltegiak ere.