Bi ibilbidetarako izena emateko epea zabaldu da

Ekainaren 22an Ordiziako II Mendi maratoia egingo da. Iaz, Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrena eta Juanito Rubio eta Jose Ignacio Eskitxabel zenaren arteko apustua duela 50 urte egin zela uztartuz lehenengo edizioa antolatu zen, Aralarko parajetik barrena. Oso harrera ona izan zuen eta aurten bigarrena egingo da, hainbat aldaketekin. Honen berri eman dute prentsa aurrean parte hartzera animatuz, Jose Miguel Santamaria alkateak, Bittor Bolinaga kirol zinegotziak, Kike Mokoroa kirol teknikariak, apustua egin zuen Rubiok eta Ignacio Eskitxabelek, Jose Ignacioren semeak .

Antolatzaileak Udala eta kiroldegia dira. Baita erakunde hauekin elkarlanean ari diren elkarte laguntzaileak.Iazko lasterketan 18 taldeek hartu zuten parte eta, eguraldia lagun, esperientzia ezin hobea izan zen. Ordiziakoa, beste lasterketekin alderatuta, taldekako froga egin zen eta aurten ere horrela egingo da. ‘Guk dakigunez, taldeka egiten den mendi maratoi bakarra da. Talde lanak duen balorea balioan jarri nahi genuen eta horrela egitea erabaki zen iaz. Baita aurten ere. Talde bakoitzak bost partaide izan behar ditu eta kide guztiak batera iritsi beharko dute helmugara’, esan dute antolatzaileek.

Bi lasterketek Larraitzen izango dute irteera eta helmuga

Hori beraz ez da aldatuko eta ibilbide luzea ere mantendu egingo da. ‘Maratoiaren ibilbidea hau da: Larraitz – Igaratza – Guardaetxe - San Miguel eta Larraitzera buelta. 40 kilometro guztira’. Eta maratoi erdia egiteko aukera izango da berriz ere, baina kasu honetan ez da Larraitzetik San Miguelera joanekoa. ‘Larratzetik Igaratzara joan eta etorrikoa proposatzen dugu aurten’, eman dute jakitera. Beraz, bi  maratoien helmuga Larraitzen egongo da.

Bigarren aldaketa bazkaltzeko tokia da. ‘Froga bukatu ondoren, bazkaria emango da Ordiziako frontoian. Bertan egingo da sari banaketa’. Aurretik kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. ‘Hauentzat Larraitzera joan eta etortzeko autobusak jartzea baloratzen ari gara’, aurreratu dute.

Ekimena ezagutzera ematearekin batera, otsailaren 25ean zabalduko da izena emateko epea  www.kronoak.com, lasterketetako zerbitzu integrala ematen duen web gunean. Ordiziakoa bilatu behar da bertan. Eta informazio gehiago nahi duenak  Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi dezake.

Alkateak boluntarioen laguntza goraipatu eta eskertu du. ‘Ordizia herri lagunkoia da, parte-hartzailea, kirolean ere erreferente. Ekimen berri hau da ezaugarri horien adibide eta gure eskerrak luzatu nahi diegu kasu honetan bidelagun diren boluntarioei: DYAri, Txindoki atletismo taldeari, atletismoko Bolitas talde beteranoari, Ordiziako Mendizaleak elkarteari eta hainbat herritarrei’.

Antolaketako ordezkari gehiago izan dira aurkezpen saioan. Hala nola, Juan Mari Galparsoro, Izaro Rubio, Maixabel Usabiaga, Joxe Arizmendi, Manu Etxarri, Alberto Aranburu eta Odilo Rivela, besteak beste.