Beste behin, goi mailako kirol proba eta kirolariak Ordizian izango dute hitzordua

Angel Perez, Gipuzkoako Atletismo Federazioko ordezkariak; Eneko Agirrezabal, Txindoki AT elkarteko ordezkariak, Bittor Bolinaga kirol zinegotziak eta Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak igande honetan, otsailaren 3an Oinguren parkeko zelaian ospatuko den Euskadiko Kross Txapelketaren berri eman dute ostegun honetan prentsa aurrean.

Beste behin, Txindoki Grupo Jaso - Autowag Atletismo Taldea aktibo eta bizirik dagoen taldea dela ikus daiteke, ohiko ekintzez gain, aurten Euskadiko Kross Txapelketa antolatu baitu. Txindoki AT Gipuzkoako erreferentzi taldeetako bat izatera heldu da, eta pixkanaka-pixkanaka Euskalerri mailan ere.

Parte-hartzea eta ordutegiak

Oiangun, Euskal Herriko atleta onenak bilduko dira. Nesketan, besteak beste, Elena Loyo, Ainhoa Sanz, Thibas Gebre, Iraia Garcia eta Majida Maayouf. Mutiletan, Iban Fernandez, David Garcia, Eneko Agirrezabal, Hassan Oubadi, Chakib Lachgar, Marc Hurtado, Oier Ariznabarreta eta Unai Arroyo, beste batzuen artean.

Probak 9:30ean hasiko dira 16 urtez azpikoen mailan. 10:10ean irtengo dira 18 urtez azpikoak; ordubete geroago 20 urtez azpikoak, 12:15ean seniorrak, promesak eta masterrak. Aipaturiko orduetan mutilen lasterketak egingo dira eta segidan izango dira maila bakoitzeko neskenak, 9:55, 10:40, 11:45 eta 13:10ean azkena. Ibilbide laburrena 2.980 metrokoa da eta 9.500ekoa luzeena. Ikuskizuna ziurtatuta dago Ordizian, beste behin, kirol arloan erreferente den udalerrian. 

Antolatzaileek erakunde, babesle, federazio eta boluntario guztien babesa eskertu dute ekintza antolatzeko eta atletismoa bultzatzeko. Bide batez, zaleei igandean bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu diete.