Erronka nagusia datorren udan Altamirako belarra aldatzea izango da

Ordiziako udal gobernuak errugbi eta futbol elkarteen kezka ezagututa, eta legealdi honetan zehar aurrekontuak onartzeko dinamika konplexua aintzat hartuta, kirol azpiegituretan egiteko hobekuntzak iragarri ditu. Proposamena atzo arratsaldean, osteguna, egin zen urtarrileko ohiko Osoko bilkuran aurkeztu  zien Udal taldeak oposizioko alderdiei, urgentzia bidez lantzeko proiektua exekuzio epeek horrela eskatzen baitute.

Jose Miguel Santamaria alkateak iragarri duenez, ‘datorren udan Altamirako belarra aldatzeko Majoriren alde kreditu transferentzia egiteko partida bat onartu dugu’. Obra honen aurrekontua 350.000 eurokoa da eta proiektu baten beharrik izan gabe esleitu daiteke, Majoriko Administrazio Kontseiluan adierazi zen bezala.

Berez, kirol arlorako aurreikusitako inbertsio plana abenduan Administrazio Kontseiluan aurkeztu zen eta asteazken honetan egin den kontseiluan berriki landu da. ‘Aurten eta datorren urtean egin nahi diren hobekuntzak aurreikusten ditu planak. Futbol eta errugbiko federazioen homologazio eskakizunak bete behar dira eta horretarako Altamirako belarraren aldaketa lehenetsiko dugu 2019an. Obra udan egin behar da, ligen atsedenaldia aprobetxatuz, iaz anexoan puntualki egin zen moduan’.

Aire libreko kirol zelaien guneetan inbertitzeko planifikazioa 2018an jarri zen martxan, anexoa berrituz, aurten jarraipena izango du Altamirako zelaia aldatuta eta lan gehiago egin nahi dira. Hala, atletismoko pista, takilak eta bi zelaietako argiak berritu nahi dira. Inbertsio hauek seguruena 2020an egin ahalko dira.

Majorin ere berrikuntzak

Beste alde batetik, aurrera doaz iaz Majori handitu eta berritzeko hasitako obrak, tamaina honetako lan batean izaten diren ohiko eragozpen eta guzti. Erantsi beharrekoak, 2018ko aurrekontuen baitan, sauna berritzeko berehala egin behar den lana eta igerileku estaliak ere berritzeko exekuzio proiektuaren erredakziorako esleipen deialdia aipatu behar dira. Laster egingo da. Pleguak abenduko Administrazio Kontseiluan aurkeztu ziren eta asteazken honetako saioan onartu dira. Hauez gain, lehen faseko obrek aurrera egin ahala, gimnasio berria hornitzeko beharren aurreikuspena egingo da.

Udalaren helburua da kirola behar den bezala praktikatzeko behar diren azpiegiturak eskaintzea. ‘Gure udalerria eredugarria eta oso aktiboa da arlo honetan eta gure betebeharra da  kluben eta Ordizian egiten diren kirol aukera ugarien beharrak asetzen ahalegintzea’, onartu du alkateak.