Ordizian sei haurrek parte hartzen dute astean bi saioetan

2017tik martxan dago eskola kirol egokituko programa Ordizian. Proiektu hau, ohiko Eskola kiroleko programan parte hartzeko zailtasunak dituzten umeei kirol hastapenerako esparru bat eskaintzeko beharretik sortzen da, jarduera honekin beraien motrizitatea, autonomia eta sozializazio gaitasuna garatu ahal izan ditzaten. Programa babesteko eta aurrera egiteko asmoz hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Kirol Egokituen federazioko Igor Otaegi presidenteak eta Jose Miguel Santamaria alkateak.

2018-2019 kurtsoan eskola kiroleko programa hau Gipuzkoako hamabi udalerritan eskaintzen da, Ordizia tartean.  Une honetan, eskola kirol egokituko sare honek 185 haur eta gazte biltzen ditu. Kurtso honetan sei haur daude Ordiziako taldean. Astean bi saio egiten dituzte Urdaneta eskolan eta kiroldegian.

Proiektu honen ildo orokorrak planteatzen direnean honako helburu hauek jarraitzen dira:

· Multikirol hastapen eskola bat sortu, taldeari egokitutako programa batekin.

· Urritasun egoeran dauden haurren kirol eskaintza beharra asetzea.

· Ariketa fisikoa, sozializaziorako tresna bezala erabiltzea.

· Helburuen lorpenekin haurren autoestimua hobetzea.

· Haurren psikomotrizitatea hobetzea.

· Osasunaren eta bizi kalitatearen zeinbait arlo hobetzea, ariketa fisikoaren bitartez.

· Obesitatea eta sedentarismotik eratorritako zailtasunak ekiditea.

· Urritasun egoeran dauden haurrengan, bizi ohitura onuragarriak indartzea, eta

ariketa fisikoarenganako lotura bultzatzea.

Helburu hauek aurrera eraman ahal izateko, langile talde kualifikatua dago lanean. Koordinatzaile bat eta hiru begirale ari dira une honetan lanean Ordiziako taldean.

Izan ere, haur taldea anitza da, urritasun ezberdinak dituzte (fisikoa, adimenekoa, autismoa edota gaixotasun arraroak). Beharbada, haur gehiago egon daitezke interesatuta programa honetan hasteko, eta horregatik, pausoak ematen jarraitzeko herriko ikastetxe ezberdinekin harremanetan dago federazioa.