MAJORI KIROLDEGIA BIRMOLDATZEKO LEHENENGO FASEAREN LANA HASI DA

Obra gune lehorrean egingo da eta 18 hilabetez luzatuko da

Datorren astelehenean, azaroaren 19an, Majori berritzeko lehenengo faseari dagokion obra hasiko da. Lanak kiroldegiko barruko sarbideetan eta atxikitako eraikinean egingo dira eta 18 hilabete barru amaituko dira. Lehiaketara hiru enpresa aurkeztu ziren eta Moyua enpresak egingo du berrikuntza. Kostea 2.833.490 eurokoa da, BEZ barne.  Jose Miguel Santamaria alkateak,  Bittor Bolinaga Kiroletako zinegotziak eta Odilo Rivela kiroldegiko gerenteak ahalegin berezia egingo dela esan dute obragatik erabiltzaileek eragozpenik izan ez dezaten.

Kultura eta Kirol arloko Denis Itxaso foru diputatuak eta Ordiziako alkateak Majori kirol-eremua berritzeko hitzarmena sinatu zuten aurreko maiatzean. Akordio horren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 395.000 euroko ekarpena egingo dio Ordiziari, 2017-2020 aldirako kirol-ekipamenduen planaren barruan.‘Denboraz oso justu ibili ginen, epe barruan sartzeko, izan ere udal aurrekontuen behin betiko onarpena abuztuaren 8koa eta egun horretan bertan egin zen eskaera, aurretik dena prestatuta’.

Parte-hartzea, beharrak eta lehentasunak zehazteko gakoa

Udalburuak gogora ekarri du beste behin azken bi urteotan emandako prozesua  kirol-azpiegiturak berritzen eta berrantolatzen hasteko. '2016an kronograma bat landu genuen Majoriko kudeatzailearekin batera, oro har epeak ezartzeko eta herritarren parte-hartzea zehazteko. Lehenengo bilerak kiroldegian lan egiten duten pertsonekin egin genituen, 2016ko urrian'; gogorarazi du alkateak. Hurrengo hilabetean herritar guztiei zabaldu zitzaien parte hartzeko aukera; horretarako, online inkesta bat egin zen, eta elkarrizketa-txanda bat egin zen erabiltzaileekin, abonatuekin eta kirol-klubekin.

Prozesuaren hurrengo urratsa kirol-azpiegituren mahaia eratzea izan zen, azaroan.  Uadl arduradunentzat, ‘Mahaiak egin dituen ekarpenak proiektuaren bizkarrezurra dira eta hor dago proiektuaren arrakasta. Mahaia hainbat lagunek osatu dute, politikaren arlokoek, kiroldegiaren erabiltzaileek, Kirol Kontseiluko ordezkariek (klubak eta kirolariak) eta udal teknikariek.  Jasotako ekarpen guztiak proiektua aberasteko balio izan dute.

Eta honek dakar kiroldegiko gune lehorraren berrantolaketa eta berrikuntza. Sarbide eta barruko ibiltarteen estruktura definitzen da, etorkizunean gune hezeen berritzea ere egingo dela kontutan hartuz, kiroldegiko berrikuntza osoa burutzeko. ‘Eta honaino iritsi gara denon ekarpen, lanaren eta adostasunarekin. Herritarrena eta ordezkari politikoena, azpimarratu eta eskertu nahi dudana’, azpimarratu dute udal arduradunek.

Era berean, Mahai honetan zehaztu zen anexoko eta Altamirako zelaietako belarren aldaketa. Lehenengo anexokoa, egoera okerragoan zegoelako, eta Altamirakoa gero. Hala, anexokoa egin da aurten eta Udalaren asmoa da hurrengo udan Altamirako atletismoko pista eta belarra berritzea.

Premiak eta jardunak

Majoriko kirol-instalazioak hiru solairu eta hobekuntzak behar ditu ‘azken zortzi urteotan ez baita garrantzizko obrarik egin dituen beharrak asetzeko ’. Hala, kirol-eskaintza zabalduko duten espazio berriak egokitu behar dira nahitaez. Adibidez, gimnasioa, aldagelak eta areto berriak. Hainbat jarduera fisiko eta kirol-jardueratarako aretoak falta dira. Espazioen banaketak ez du aukerarik ematen gehien eskatzen diren jarduerei behar bezala erantzuteko. Horien artean, spinninga, aerobika, judoa, pilates, zunbat, etab. Barrualdeko ibiltarteak eta komunikazio bertikala ez da egokia. Eta ez dago mugikortasun urria duten pertsonei zerbitzua emango dien igogailurik.

Instalazioek aurre egin beharko dieten premiak eta erronkak aztertuta, egungo eraikina hobetzeko eta antolamendu funtzionala ordenatzeko  eta eraikinari atxikitako pabiloia egokitzeko egingo da obra. Burutuko diren esku-hartzeen artean, honako hauekazpimarra daitezke:

-  Taberna-eremua lekuz aldatuko da, Majori eta kuboko eraikinen artean orain aire librean dagoen espaziora. Kokapen berritik bi joko-pistak ikusi ahal izango dira. Halaber, eremu horretan itxarote-eremu bat egokituko da.

-  Ibiltarteak, sarbideetako kontrola eta irisgarritasuna kubo aldean igogailua jarrita hobetuko dira.

-  Kuboko eraikinaren konfigurazioa eta erabileren banaketa egingo da. Egungo eskaintza zabaldu nahi da, bai kirol-jarduerei dagokienez, baita jardun horietarako azalerari dagokionez ere. Hala, kirol anitzetarako kantxa egingo da eta gimnasioa, aldagelak eta erabilera anitzeko areto berriak egingo dira  jarduera eta klase gehiago antolatzeko, oraingoetan baino eremu egokiagoetan.