Asier de la Iglesia saskibaloi jokalariak sari berezia eramango du

Datorren ostiralean, uztailaren 20ean, bi urtez behin ematen diren Ordizia Kirol Sariak banatuko dira. Barrena kultur etxean izango da ekitaldia, 19:00etan. Aurtengoa VI. edizioa izango da.  Maiatzean zehar proposamenak egiteko epea zabaldu zen.  Proposamen guztiak Kirol Aholkularitza batzordean aztertu ziren eta baloratu ondoren erabaki ziren sariak hartuko dituztenen izenak.

Jose Miguel Santamaria alkateak, Bittor Bolinaga Kiroletako zinegotziak eta Kike Mokoroa teknikariak prentsa aurrean eman dituzte aldez aurretik ezagutzera sarituen izenak. Ordizian kirolak duen osasun ona gogoratu dute. Oraintxe bertan, 1.300 kirolari federatu eta 17 kirol mota daude udalerrian. Horiez gain, federatu gabe kirola egiten dutenak eta eskola kirolean dabiltzan gaztetxoak batu behar dira, ehunka hauek denak ere.

Kirolarien eta kirol azpiegituren alde egiteko erakundeen apustua ere dago. Asko dira baita euren denbora eta izerdia eskaintzen duten boluntarioak ere eta dirua edo nolabaiteko laguntza ematen duten erakunde eta enpresak asko dira eta kontutan hartu behar dira. ‘Eskertzekoa da hauen ekarpena, derrigorrezkoa kirolariek eta klubak aurrera egiteko, neurri apalean gozatuz nahiz goiko mailan lehiatuz’, esan dute udal ordezkariek.

Zaletasuna bultzatzeko azpiegitura egokiak eskaini behar direla esan dute. Ordizian badaude, hauek hobetzeko ahalegina etengabea da eta une honetan apustu garrantzitsua egin du Udalak Majoriko kirol gunea fase desberdinetan berritzeko.

Datorren astean, esate baterako, anexoko belarra aldatzeko lana hasiko dela iragarri dute,  denboraldia hasi aurretik prest egoteko.

2018ko sarituak

Sarituek nolabait Ordiziarekin lotura izan behar dute. Hau da, Ordiziako klub bateko kirolaria edo ordiziarra izatea da bete behar den baldintzetako bat. Kirolari zehatzei, elkarteei, taldeei, ekintzaileei eta laguntzaileei ematen zaizkie errekonozimenduak.

Aurten, gainera, sari berezi bat ematea erabaki zuen Kirol batzordeak Ordizia Saski taldean duela gutxira arte jokatzen aritu den pertsona bati: Asier de la Iglesia saskibaloiko jokalariari zumarragarrari, hain zuzen, berak ere sufritzen duen ELA (esklerosi laterala) gaixotasuna ezagutzera emateko egiten ari den lanagatik eta gaixoei aurrera egiteko ematen dituen animoengatik. Jokalaria bera etorriko da jasotzera.

Hauek dira aitortza jasoko dutenak:

Bakarkako Kiroletako kirolari onenen sariak, emakumezkoetan

Irati Zubizarreta ( Mendi Lasterkaria )

Lide Erbina ( errugbi Jokalaria )

Bakarkako Kiroletako kirolari onenaren saria, gizonezkoetan

Eneko Agirrezabal (atleta)

Talde onenen sariak

Ordizia Kirol Elkartea  Futbola, hirugarren mailara igotzeagatik.

Ordizia Kirol Elkartea Saskibaloia, EBA mailara lehenengoz igotzeagatik

Urteetan Ordiziako kirolarekin elkarlanean aritu  izanaren aitortzak

Emilio Ortiz, areto futboleko ‘alma materra’

Jesus Mari Albisu, pala munduan betidanik egin duen lanagatik

Urteetan Ordiziako kirola babestu izanaren aitortzak eta sariak

Txindoki Taberna

Orkli kooperatiba

Sari berezia ELA gaixotasuna kiroletik ezagutzera emateko egiten ari den lanagatik

ASIER DE LA IGLESIA (Ordizia Saski taldeko jokalari ohia)