120 kirolari eta kultur taldeak elkartuko ditu bihar 7 ORDUAK ekimenak

Kartel anitza iragartzen du larunbat honetan izango den GOIERRIKO 7 ORDUAK ekimenak. Pilotalekuan eta bere inguruetan ospatuko da, 17:00etan hasi eta 00:00 arte. Goierriko bederatzi herrik, launakako taldeetan, jokatuko duten Murumendiko trail desafioa; Euskal Herriko atleta onentsuenekin jokatuko den Kaleratze proba; Kross-fit erakustaldia; Mikel Azparren donostiar txirrindulariak eta Ordiziako Txindokipe zikloturista taldeko hamar kidek 17 kilometroko ibilbide batean zazpi orduz egingo duten bizikleta ekintza solidarioa; txirrindularien arteko lehia; Kontxako banderako ohorezko tandan lehiatu ziren arraun kluben arteko lehia ergometroan; Ibarrako sokatira taldearen eta errugbiko Ampo Ordiziako melearen arteko dema; sanda profesionaleko borrokaldiak Euskal Herriko eta Valentziako selekzioen artean eta eskalada. Guztira, 120 atleta elkartuko dira.

Aurten herri kirolak tarte berezia izango du, izan ere, herri kiroletan aritzen diren bi neskak marka ahaleginak egingo baitituzte. Batetik, Irati Astondoa zeanuritarrak 45 ontzako 6 enbor ebakiko ditu. Bestetik, Idoia Etxeberria oriotarra esku bakarrarekin 105 kiloko harria altxatzen ahaleginduko da.

Kirol ekitaldi horien osagarri, Ordiziako Amets Bide dantza taldeak ere parte hartuko du, baita Ordiziako Zesura Euskal Rap taldeak ere Gemma Urteaga beasaindar bertsolariarekin batera. Egunari bukaera emateko, eta gauerdi aldera, Motocross-Free Style ikuskizuna izango da Abraham Parra eta Javi Polo moto gidariekin, eta azkenik, dantzaldia Laket taldearekin.

Hala, 120 kirolari lehiatuko dira. Sarrera doakoa eta taberna eta afari zerbitzua eskainiko da frontoi txikian.

Ondoko irudian daude zehaztuta ekintzak eta ordutegiak.