Apirilaren 16an egingo da Beti-Alai pilotalekuan, 17:00etatik gauerdira arte, Emaneurre taldeak eta Udalak antolatuta

Orain bi urte lehen aldiz egin zen Goierriko 7 Orduak kirol-kultur ikuskizunaren bigarren ekitaldia apirilaren 16an egingo da aurten. Ordiziako Beti-Alai pilotalekua izango da topaleku nagusia, eta 17:00etatik gauerdira bitarte, kultur arloko emanaldiak tartekatuz, hainbat kirol diziplinatako probekin gozatzeko aukera izango da. 120 kirolari elkartuko dira guztira. Sarrera doan da, eta taberna eta otordu zerbitzua ere eskainiko dute.

Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak, eta Emaneurre taldeko kide Egoitz Iztuetak eta Gorka Argaizek, gaur aurkeztu dute ‘Goierriko 7 Orduak’ ekitaldia Keler garagardo etxearen Donostiako egoitzan. Santamariak adierazi du Ordiziako Udalak hasieratik bat egin duela Goierriko 7 Orduak kirol-kultur ikuskizunarekin. “Parte-hartzea, kirola, solidaritatea, kultura... denak du lekua Ordizian. Kirola eta kultura babesten eta bultzatzen urte asko daramatzagu, eta horren ondorio da Ordizian sortutako iniziatiba hau”.

Alkateak gogoratu duenez, orain bi urte proiektu hau abiatu zenean hainbat helburu ezarri ziren: euskal kultura eta kirola uztartuz, herria dinamizatu eta kohesionatzea: “Kirol probetan errekorrak ondu ala ez, argi dago bi urteok nahikoa izan direla jardunaldiak berak ezarritako helburuak lortzeko, eta markak gainditu dituztela denbora gutxian”. Santamariaren iritziz, ordiziarrek “barneratuta” dituzte kultur eta kirol zaletasuna, eta ez da harritzekoa ordiziarrek euren kabuz ideiak sortu, aurrera eraman eta fruituak jasotzea: “Poztekoa da herritar guztiontzat, kulturak eta kirolak batu egiten gaituelako. Alde horretatik, denok gara garaile”.

‘Goierriko 7 Orduak’ ikuskizuna bigarren urtez

Emaneurre orain dela 7 urte Ordizian sortu zen Realaren lagun-arte bat da. Egoitz Iztuetak eta Gorka Argaizek adierazi dutenez, Realarekin lotutako ekimenak antolatzeaz gain, sorrera-sorreratik garbi izan dute kirolarekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzea ere haien helburuen artean zegoela. “Urtero, Asteburu Kulturala egin dugu, kirolari buruzko mahai inguruak, txapelketak, dastaketak eta beste hainbat ekimen uztartuz”, azaldu dute.

2014an Euskal Herriko Itzulia Ordizian hastekoa zela eta, eta udalak herriko elkarteekin lankidetzan programazio bat sortzeko asmoa zuela ikusita, Emaneurreko kideek Goierriko 7 Orduak izeneko kirol-kultur ikuskizuna antolatzea erabaki zuten. “Bi urteren ondoren, eta aurreko ekitaldiaren balorazioa oso ona egin genuenez, aurten berriz antolatzea erabaki dugu”.

Apirilaren 16an egingo da Goierriko 7 Orduak, 17:00etan hasi eta gauerdira arte. Aurrekoan bezalaxe, Ordiziako Beti-Alai pilotalekua izango da topaleku nagusia, eta baita haren inguruan dauden kale eta plazak ere. “Aurten saiatu gara orain bi urtekoa hobetzen, lan handia suposatu du, baina uste dugu egin dugun  ahaleginak merezi izan duela, eta berriz ere kartel txukun bat osatu dugula”, nabarmendu dute.

120 kirolari lehian

Goierriko bederatzi herrik, launakako taldeetan, jokatuko duten Murumendiko trail desafioa; Euskal Herriko atleta onentsuenekin jokatuko den Kaleratze proba; Kross-fit erakustaldia; Mikel Azparren donostiar txirrindulariak eta Ordiziako Txindokipe zikloturista taldeko hamar kidek 17 kilometroko ibilbide batean zazpi orduz egingo duten bizikleta ekintza solidarioa; txirrindularien arteko lehia; Kontxako banderako ohorezko tandan lehiatu ziren arraun kluben arteko lehia ergometroan; Ibarrako sokatira taldearen eta Ordizia Rugby Elkartearen arteko dema melier batean; sanda profesionaleko borrokaldiak Euskal Herriko eta Valentziako selekzioen artean, eskalada...

Aurten herri kirolak tarte berezia izango du, izan ere, herri kiroletan aritzen diren bi neskak marka ahaleginak egingo baitituzte. Batetik, Irati Astondoa zeanuritarrak 45 ontzako 6 enbor ebakiko ditu; hilabeteak daramatza Aitzol Atutxa txapeldunarekin entrenatzen. Saioa ofiziala izango da, eta dopinaren aurkako proba pasa beharko du. Bestetik, Idoia Etxeberria oriotarra esku bakarrarekin 105 kiloko harria altxatzen ahaleginduko da. “Goierriko 7 Orduak plaza erakargarria da herri-kirolarientzako”.

Kirol ekitaldi horien osagarri, Ordiziako Amets Bide dantza taldeak ere parte hartuko du, baita Ordiziako Zesura Euskal Rap taldeak ere Gemma Urteaga beasaindar bertsolariarekin batera. Egunari bukaera emateko, eta gauerdi aldera, Motocross-Free Style ikuskizuna izango da Abraham Parra eta Javi Polo moto gidariekin, eta azkenik, dantzaldia Laket taldearekin.

“Jendeari hilaren 16an Ordiziara inguratzeko deia egin nahi diogu, ikuskizuna ziurtatuta egongo baita. Diziplina askoko kirol ikuskizuna da, dinamikoa, eta  ikusleek sartu-irtenean ibiltzeko aukera izango dute. Sarrera debalde izango da, eta frontoi txikian taberna eta otordu zerbitzua izango da”. Emaneurreko kideek eskerrak eman dizkiete Ordiziako Udalari, babesle guztiei eta baita lehiatuko diren kirolari guztiei ere, Goierriko 7 Orduetan parte hartzeko erakutsi duten prestutasunarengatik.