Txapelketaren XXXIII. edizioa Europako Ligako egutegiaren barruan dago eta nazioartean ezagunak diren igerilariek hartuko dute parte

Astebete geratzen da  Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketarako eta  Igeriketa Elkartea  lanean ari da aspaldidanik. Hilaren 29an ospatuko da Ordiziako Majori Kiroldegian Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena  eta estatu mailako garrantzitsuenetako hau.

1983an sortu zenetik, milaka igerilarik hartu dute parte froga honetan eta horietako askok olinpikoak izatera ere iritsi dira, hala nola, Mallorkako Melani Costa, Italiako Federico Turrini, Errusiako Nina Zhivanevskaya edo Errumaniako Beatrice Caslaru.

Aurten berriro ere, Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketak Europako elitea bilduko du. Kataluniako Sant Andreu Igeriketa Taldeak eta Madrilgo Gredos San Diego Kluba izan dira parte hartzaileen zerrendan izena ematen lehenak. Eta noski, Euskal Herriko selekzioak ere ez du zitara hutsik egingo. Abenduan zehar, parte hartuko duten  gainontzeko igerilarien izenak jakitera ematen joango dira. Guztira, nazioartean ezagunak diren 200 igerilari baino gehiago lehiatuko dira abenduaren 29an eta egun osoan zehar sekulako ikuskizun akuatikoa emango dute  Majori Kiroldegiko igerilekuan.

Aurten, lehen hiru klasifikatuentzako sariez gain, beste bi sari gehiago egongo dira. Alde batetik, puntuazio errekorrari saria eta bestetik, Euskal Herriko igerilari onenari saria, emakumezko zein gizonezko modalidadean. Taula alemaniarraren araberako puntuaketa izango da.

Ezgaituen igeriketari bultzada

Eguberriko Txapelketaren edizio honek diziplina honi bultzada eman nahi izan dio. Orain arte Euskal Herriko igerilariek soilik hartzen zuten parte baina oraingoan, penintsula osoko igerilariei deia luzatu zaie eta jada asko dira izena eman duten kirolariak. Euskal Herriko Selekzioak jada eman du baiezkoa eta abenduaren 29an Ordizian izango da, Ander Romarate eibartarra eta munduko txapelketetan eta olinpiadetan hainbat domin lortu dituen Richard Oribe donostiarra buru. Gredos San Diego Klub madrildarraren 3 igerilarik ere baieztatu dute euren parte hartzea.