Txapelketaren XXXIII. Edizioa abenduaren 29an ospatuko da Ordizian, baina hilabetean zehar waterpoloa, monoaleta edota igeriketa sinkronizatua erakustaldiak eta txapelketak egongo dira, besteak beste

Hiru aste eskas geratzen dira Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketarako eta Ordiziako Igeriketa Elkartea jada lanean ari da. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketaren XXXIII. edizioa abenduaren 29an ospatuko da Ordiziako Majori Kiroldegian. Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena da eta garrantzitsuenetakoa estatu mailan. 1983an sortu zenetik, milaka igerilarik hartu dute parte bertan eta horietako askok olinpikoak izatera ere iritsi dira, hala nola, Mallorkako Melani Costa, Italiako Federico Turrini, Errusiako Nina Zhivanevskaya edo Errumaniako Beatrice Caslaru.

Aurten berriro ere, Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketak Europako elitea bilduko du. Kataluniako Sant Andreu Igeriketa Taldeak eta Madrilgo Gredos San Diego Kluba izan dira parte hartzaileen zerrendan izena ematen lehenak. Eta noski, Euskal Herriko selekzioak ere ez du zitara hutsik egingo. Abenduan zehar, parte hartuko duten gainontzeko igerilarien izenak jakitera ematen joango dira.

Guztira, nazioartean ezagunak diren 200 igerilari baino gehiago lehiatuko dira abenduaren 29an eta egun osoan zehar sekulako ikuskizun akuatikoa emango dute Ordiziako Majori Kiroldegiko igerilekuan. Aurten, lehen 3 klasifikatuentzako sariez gain, beste bi sari gehiago egongo dira. Alde batetik, puntuazio errekorrari saria eta bestetik, Euskal Herriko igerilari onenari saria, emakumezko zein gizonezko modalidadean. Taula alemaniarraren araberako puntuaketa izango da.

 

Ezgaituen igeriketari bultzada

Ordiziako Eguberriko Txapelketaren edizio honek diziplina honi bultzada eman nahi izan dio. Orain arte Euskal Herriko igerilariek soilik hartzen zuten parte baina oraingoan, penintsula osoko igerilariei deia luzatu zaie eta jada asko dira izena eman duten kirolariak.

Euskal Herriko Selekzioak jada eman du baiezkoa eta abenduaren 29an Ordizian izango da, Ander Romarate eibartarra eta munduko txapelketetan eta olinpiadetan hainbat domin lortu dituen Richard Oribe donostiarra buru. Gredos San Diego Klub madrildarraren 3 igerilarik ere baieztatu dute euren parte hartzea.

 

Berrikuntzaz betetako XXXIII. edizioa

Ordiziako Gabonetako Txapelketa txapelketa bat baino gehiago da. Igeriketa eta uretako gainontzeko kirolak herritarrei gerturatzeko ekitaldia da. Gainontzeko kirolekin konparatuta, igeriketak duen jarraipen xumeagoaz jabetuta, Ordiziako Igeriketa Elkarteak uretako kirolak ezagutzera ematea du helburu eta horretarako “AbendURA” antolatu du.

Abendu osoan zehar hainbat ekintza egongo dira ikusgai:

- Abenduaren 12an: Monoaleta ikuskizuna

- Abenduaren 20an: Euskal Herriko Waterpolo Selekzioaren teknifikazio saioa eta Euskal Herriko igeriketa sinkronizatuko talde guztien erakustaldia.

- Abenduaren 28an: Igeriketako Euskal Herriko Selekzioaren kontzentrazioa

- Abenduaren 29an: Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa.