11:00etan hasita talde bat irtengo da hiru minuturo

Marino Lejarreta omenduko du Ordiziak asteburuan. Erakusketa bat, hitzaldia eta txirrindulari ohi eta zikloturistak elkartuko dituen lasterketa antolatu dira. Ordiziako Udalaren laguntzaz, Chapel Gorri elkarteak antolatu duen programa erakusketa eta solasaldi batekin osatu da. Ekimenaren bultzatzailea Alberto Gonzalez da, Lejarretaren laguna. Herriak bizkaitarrarekin duen harreman estua eskertuko du modu honetan. Urteetako kontua da, Lejarretak Tourra ‘niretzat Ordizian amaitzen da’ esan zuenetik indartu zena.

Erlojuaren aurkako probak ikusmin handia sortu du. Bost kide izango dituen 29 taldeetan banatu dira 145 txirrindulari. Ordubeteko itzulia emango diote Ordiziako Klasikaren ibilbideko zati bati. Zuhaiztitik (Arboleda) irten eta Alegi, Amezketa, Abaltzisketa, Larraitz, Gaintza eta  Gudarien Etorbidean izango dute helmuga. Talde bat irtengo da hiru minutuero. Talde bakoitzetik helmugan hirugarren denak puntuatuko du. Lehenak 11:00etan irtengo dira eta azkenak 12:24etan.

Parte-hartzaileen artean, txirrindulari profesional ohiak, zikloturista ezagunak eta telebistako ‘izarrak’ elkartuko dira. Azken hauek ‘Alli abajo’ taldean izango dira: Gorka Aginagalde, Iker Galarza, Iñigo Salinero, Oscar Terol eta bosgarren kide bat. Txirrindulariak izandakoak, besteak beste, Chiappucci, Olano, Mujika, Beloki, Pino, González Arrieta, Recio, Gorospe anaiak, Laiseka, Perez Arrieta, Maiora, Horrillo, Parra, Egoi Martínez, Galdeano eta Garate. Nesken taldean, Somarriba, Ruano, Gorostidi, Villajosana eta Soto izango dira. Noski, irteeran izango dira Marino eta Ismael, bere anaia. Zuzendaritzan Txomin Perurena, Nestor Lejarreta Pepe Cuevas, Manolo Saiz, Joxe Nazabal, Gorka Izagirre, Arantxa Orbegozo edota Xabier Usabiaga, batzuk aipatzeagatik.

Marinoren argazkiak eta objektu pertsonalak bildu dira erakusketan. D’elikatuz zentroan dira ikusgai ostiralean, larunbatean eta igandean. Hizketaldia larunbatean da, 18:00etan, Barrena kultur etxeko areto nagusian. Lejarreta bera, Manolo Saiz eta Chiappucci egongo dira, Juan Mari Guajardo kazetaria moderatzaile dela.

 

trafikoan eragina

Lasterketak trafikoan eragina izango duenez, arretaz ibiltzeko eskatu du Udaltzaingoak, euren eta egunean bertan lanean ariko diren boluntarioen eskaerak errespetatuz. Hala, egun osoz izango dira itxita Foruen Pasealekua eta Gudarien Etorbidea. Erdigune historikoa ere itxita egongo da 10:30tatik 14:30tara. Hauek dira kaleak: Nagusia, Andre Mari, Elkano, Goen, Done Petri, Etxezarreta, Legazpi eta Goitia. Ahal bada, beharrak aurreikusteko eskatzen zaie bizilagunei. Urgentziaren bat izanez gero, 943805616 telefonora dei daiteke.