Altamira estadioan egingo da jardunaldia, eta estatuko atletarik onentsuenak elkartuko dira

Datorren uztailaren 4an Ordiziako I. Atletismo Sari Nagusia-Jose Antonio Peñaren Oroimenezko Mitina hartuko du Altamira estadioak, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. 11 urte dira Gipuzkoan halako mailako mitin bat azkenekoz jokatu zenetik, eta Estatu mailako atleta onenetako batzuk elkartuko dira bertan; hala nola, Angel David Rodriguez Pajaro, eta baita Naroa Agirre pertika-jauzilari donostiarra eta Alazne Furundarena abiadura-lasterkari ordiziarra ere. Klubaren azken 30 urteotako historian zer esan handia izan duen Jose Antonio Peña Lizarraga hilberriaren oroimenez antolatu du proba Txindoki Grupo Jaso atletismo taldeak.

Guztira 11 proba jokatuko dira, bost emakumezkoenak (100 metro hesiak, 200 metro, jauzi hirukoitza, pertika jauzia eta pisu-jaurtiketa) eta sei gizonezkoenak (100 metro, 400 metro, 1500 metro, luzera-jauzia, pisu-jaurtiketa eta 5000 metro). Mitinean parte hartzeko izen-emate epea ekainaren 30eko 14:00ak arte egongo da zabalik. Espainiako Atletismo Federazioaren (RFEA) bidez egin beharko da, eta egun berean emango dira ezagutzera proben ordutegiak, proba bakoitzean izena ematen duen atleta kopuruaren arabera. Probak 17:00etan hasiko dira, haurrentzako 50 metroko lasterketak ere jokatuko dira.

Proban parte hartzeko gutxieneko denborak Espainiako Federazioaren 2014 edo 2015 marken rankinean jasoak egon beharko dira –hala ez bada, marka lortutako probaren agiria erakutsiko beharko da–. Marka horiek lortu ez, baina horietatik gertu dauden atletek ere izena eman ahal izango dute mitinean. Markei buruzko edozein kontsulta egiteko Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.helbidera idatzi behar da. Espainiako marka ontzea lortzen duten atletek 300 euroko saria jasoko dute, eta proba bakoitzaren irabazleak 100 euro. (Probari buruzko datu tekniko guztiak dossier honetako 3. eta 4. orrialdeetan kontsulta daitezke).COMPETICIÓN

Goi mailako atletak

Ordiziako I. Atletismo Sari Nagusia gaur aurkeztu dute Donostian Txindoki Atletismo Taldeko  Egoitz Iztueta, Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak, Ramon Cid hautatzaileak eta Naroa Agirre eta Alazne Furundarena atletek.

Ordiziako atletismo taldea 1976an sortu zen Villafranca UD-ren egiturapean. Gaur egun, Txindoki Grupo Jaso atletismo taldea da klubaren izena. Urte oparoak ari dira izaten hauek bai emaitza aldetik eta baita ere fitxa kopuru aldetik ere, 150 inguru.

Jose Antonio Peña gure artetik joan izanak eta aspalditik Gipuzkoan pistako eliteko atletismo proba baten gabeziak bultzatu ditu Txindokikoak mitin hau antolatzera. “Aukera hau aprobetxatu nahi dut laguntzaile eta babesle guztiei eskerrak emateko, beraiek gabe ezingo genukeelako mitin hau aurrera eraman”, azaldu du Iztuetak.

Ordiziako mitinean honako atletak elkartuko dira, besteak beste: Angel David Rodriguez Pajaro (100 m–ko Espainiako errekorraren jabea), Naroa Agirre (Pertika jauzian Espainiako errekorra duena) eta Alazne Furundarena (Espainiako txapeldun ordea). “Beraz, ikuskizuna ziurtatuta dago. Hori dela eta, deialdia egiten dizuegu Altamira Stadiora gerturatzeko”.

Jose Migel Santamaria alkateak Ordiziak duen gizarte sareari aipamena egin dio, eta ekintza berriak bultzatzeko duen gaitasunari ere bai. “Mitin hau aukera paregabea da goi mailako atletismo proba batekin gozatzeko, eta bidez batez, Jose Antonio Peña gogoan izateko. Hamarkadetan izugarrizko lana egin zuen Peñak atletismoaren alde, kirol honen Goierriko ‘alma mater’-a bihurtzeraino”. Alkateak adierazi du Peña “harro eta pozik” sentituko litzatekeela Ordiziako eta Goierriko atletismoak lekukoa baduela agerikoa delako.

Naroa Agirrek, bestalde, adierazi du “gustura” hartuko duela parte Ordiziako mitinean, batetik, Peñari merezi duen omenaldia egiteko, eta bestetik etxean lehiatuko delako. “Izan ere, Gipuzkoan ez da jokatu aspalditik horrelako mitinik, eta Gipuzkoako atletismoak horrelakoak behar ditu”.

José Antonio Peñaren oroimenez

Kirolari, eta bereziki atletismoari, lotuta baino ezin da ulertu Jose Antonio Peña Lizarragaren figura. Ordiziarra jaiotzez, pisu-jaurtiketan Espainiako Txapeldun izatea lortu zuen gaztetan, eta garaiko Villafranca UD-ren saskibaloi taldean ere jokatu zuen.

 

80ko hamarkadaren erdialdean Ordiziako atletismo klubeko entrenatzaile hasi zen, eta azken 30 urteetan denetariko zereginak izan ditu klubean. Haren ondoan aritu izan dira Alazne Furundarena, Iker Sukia, Odei lopez, Jon Aranburu, Lidia Frías… bezalako atletak, eta baita beste dozenaka eta dozenaka atleta ere.

 

Espainia mailako atletismo epaile izan, eta karguak izan zituen Euskadiko eta Gipuzkoako atletismo federazioetan, eta harreman estuak izan zituen estatu mailako atletismoa kudeatzen zutenekin. Atletismoa erakusten eta sustatzen egindako lanarengatik, Ordiziako Udalak eta Ordiziako Kirolaren Batzordeak herriko plaka eman zioten orain zortzi urte bizitzan zehar kirolaren alde egindako lanarengatik. Zaila izango da Goierriko atletismoan hark utzitako hutsunea betetzea.