2014-05-25 harreraAreto futboleko nesken taldeak Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian

Estanda Ordizia areto futboleko taldeak ongi etorri goxo bezain xumea jaso du gaur arratsaldean Ordizian. Arratsaldeko seiak pasatxo zirela iritsi da autobusa, eta lehen poz adierazpenak, besarkadak, argazkiak... egin eta gero, plaza aldera abiatu dira. Dantzarien ohorezko pasilloa zeharkatuta sartu dira udaletxeko pleno aretora, merezitako harrera jasotzera. Balentria baita egin dutena. 26 urteren ondoren, Lehen Mailan arituko da Estanda Ordizia. ORDIZIAKO HARRERAREN ARGAZKIAK

Jokalariak eta teknikariak izan dira aretora sartzen lehenak. Zain zituzten udal korporazioa osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak, klubekoak, aldundikoak, federaziokoak... eta guztiak banan-banan agurtu ondoren, balkoira atera dira eta 'Beste talde ordiziar bat 1go mailan. Zorionak Estanda Ordizia' dioen pankarta zabaldu dute. Ekitaldia hasterako, taldekideen senide eta lagunekin bete da aretoa.

Hunkituta jaso dute dantzarien agurra jokalari eta teknikariek, eta segidan, Maite Gonzalez kapitainari herriaren oroigarri bat eman ondoren, Igor Eguren alkateak hartu du hitza. Nesken kirolak sufritzen duen oihartzun ezaz hitz egin du, eta datorren urtean Lehen Mailan aritu ahal izateko baliabideak lortzeko konpromisoa adierazi die taldekideei. Aipamen berezia egin dio urte hauetan guztietan taldearen arima izan den Emilio Ortizi. Hark hizketarako ahalmenik ez, eta Ane Garmendia atezainak eman dizkie eskerrak bildutakoei eta zale guztiei jasotako babesarengatik.

Azken txanpan igoera
Hilaren 17an Bartzelona Rubi taldearen aurka joaneko partida Majorin 3-1 irabazi eta gero, bi goleko errentarekin abiatu zen Estanda Ordizia ostiral arratsaldean Katalunia aldera. Itzulikoa atzo arratsaldean jokatu zen, eta jokalariek ikasgai bikaina erakutsi zuten: arrakastaren gakoa ez etsitzean datzala. Partida bukatzerako 4 minuturen faltan 5-0 galtzen ari zireen, eta hiru minutuan hiru gol sartuta, kanporaketa gainditzea lortu zuten, etxetik kanpo sartutako gol kopuruak balio bikoitza duelako.

Europako Hauteskundeen eguna izan da gaurkoa, Eibar lehen mailara igo den eguna eta Kilian Jornetek Zegama-Aizkorri zazpigarren aldiz irabazi duen eguna. Ez da izango gaurkoa hedabideen arreta lortzeko egunik onena, baina horrek ez dio baliorik kentzen Estanda Ordiziaren lorpenari. Ez ahazteko asteburua bizi izan dute, eta opari bat egingo diote herriari, Ordiziak lehen mailako beste talde bat izango baitu datorren urtean: Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldea.