2014-05-19 estandaAmpo Ordizia ligako titulurako lehiatik kanpo geratu da, eta futbol taldeak Erregional Preferenteko liga irabazi du penaltietan

Espainiako Zilarrezko mailatik Lehen Mailara igotzeko borrokan ari den Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldeak 3 eta 1 irabazi zion joan den larunbatean Majorin Bartzelonako Rubi taldeari. Kataluniarren kantxara bi goleko aldearekin joango dira ordiziarrak. Errugbian, Ampo Ordiziak 29-27 galdu zuen Complutense Cisnerosen aurka Madrilen, eta titulurako lehiatik kanpo geratu da, denboraldi ofizialari bukaera emanez. Eta futbolean, Ordiziak Usurbil hartu zuen mendean Erregional Preferenteko finalean. Partida bina bukatu zen, eta penaltietan nagusitu ziren Igor Sukiaren mutilak.

Larunbat arratsaldean, 20:00etan, jokatu zuten Estanda Ordiziak eta Rubik Espainiako 1. mailara igotzeko play-offetako joaneko partida Majorin, harmailetan 600 zale inguru zeudela. Ordiziak 3-1 hartu zuen mendean Kataluniako taldea, Maite Gonzalez kapitainak sartutako hiru golei esker. Atsedenaldira 1-0 joan ziren aurretik, baina bigarren zatia hasi eta berehala banakoa lortu zuten kanpokoek. Handik gutxira, ordea, bi gol segidan sartu zituen Ordiziak, eta errentari eutsi zion partida amaierara arte.

Garaipena elkarte batean afalduz ospatu zuten, baina kanporaketak, hala ere, irekita jarraitzen du. Bi goleko aldea alde polita da, baina ez da erabakigarria, eta zuhurtziaz joan beharko dute asteburuan Katalunia aldera. Itzuliko partida datorren larunbatean, hilak 24, jokatuko da Can Roses kantxan.

Ampo Ordiziak agur denboraldiari
Titulurako play-offetako final laurdenetako partidan 29-27 galdu zuen Ampo Ordiziak Complutense Cisnerosen aurka Madrilgo Central estadioan, eta kanporaketa partida bakarrera zenez, titulurako lehiatik at geratu da Ampo Ordizia; horrenbestez, agur esan behar izan dio denboraldi ofizialari. Ordiziak lehen zati kaskarra jokatu zuen, eta 29-6 atzetik joan zen atsedenaldira. Bigarrenean beste jarrera azaldu zuten zelaian jokalariek, eta markagailuari buelta emateko zorion egon ziren, 0-21eko partziala lortuta. Lehiatik kanporatuta, datorren denboraldian pentsatzen hasiko beharko du Ampo Ordiziak.

Futbolean, Erregional Preferenteko txapeldun
Erregional Ohorezko Mailarako igoera lortuta, Usurbilen kontra jokatu zuen Ordiziak Erregional Preferente mailako finala Zubietan. Partida bina bukatu zuten, eta ordiziarrak penaltietan nagusitu ziren, Erregional Preferenteko titulua lortuz.