2014-05-14 estanda Estanda Ordiziak lehen mailara igotzeko partida du Majorin, eta Ampo Ordiziak titulurako final laurdenetako lehia Madrilen

Ordiziako futbol taldeak Ohorezko Erregional Mailara igotzeko txartela lortu du asteburuan

Kirol mailako liga ezberdinak azken txanpan sartu diren honetan, Ordiziako bi taldek partida erabakigarriak jokatuko dituzte larunbatean. Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldeak 1. mailara igotzeko play-offetako joaneko partida jokatuko du Bartzelonako Rubi taldearen aurka Majorin. Ampo Ordiziak, berriz, Complutense Cisneros taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Madrilen titulurako final laurdenetako lehian. Denboraldiko helburua lortu duena Ordiziako futbol taldea izan da, Ohorezko Erregional Mailara igotzea lortu baitu pasa den asteburuan.

Estanda Ordizia-Rubi (Larunbata, hilak 17, 20:00etan, Majorin)
2014-05-14 kartela Espainiako Zilarrezko Mailan ari den Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldeak bigarren postuan bukatu zuen I Multzoko liga erregularra (50 punturekin, Bilbo CFSren atzetik), eta bigarren onenen artean sailkatu zenez, Bartzelonako Rubi taldearen aurka (II Multzoko lehen sailkatua) jokatuko du Lehen Mailara igotzeko kanporaketa.

Joaneko partida larunbatean jokatuko da Majorin, 20:00etan. Itzuliko partida Bartzelonan izango da, hilaren 24an. Kanporaketan nagusitzen denak Espainiako Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Animatzera joateko dei berezia egin zaie zale eta herritarrei.

Cisneros-Ampo Ordizia (Larunbata, hilak 17, 16:00etan, Madrilgo Centralen)
2014-05-14 rugby Denboraldi gorabeheratsua osatu eta gero, Ampo Ordiziak 6. postuan bukatu zuen Espainiako Ohorezko Mailako liga erregularra. VRAC eta El Salvador 1. eta 2. sailkatuak finalerdietarako zuzenean sailkatu eta gero, Ampo Ordiziak Complutense Cisneros 3. sailkatuaren aurka jokatu beharko du final laurdenetako partida.

Kanporaketa partida bakarrera da, eta Ordiziak kantxa faktorea du aurka. Madrilgo Central estadioan da norgehiagoka larunbatean, 16:00etan. Autobusa antolatzen ari dira larunbatean Madrilera joateko. Irabaziz gero, Hermi El Salvadorren aurka jokatuko luke finalerdia hurrengo asteburuan Valladolideko Pepe Rojo zelaian.

Ordiziako futbol taldea Erregional Ohorezko Mailan berriz
2014-05-14 futbola Azken hiru urteetan Erregional Preferentea mailan lehiatu eta gero, Ordiziako futbol taldea Erregional Ohorezko Mailara (lehengo Preferentea) itzuliko da datorren denboraldian. Igandean jokatu zuten Ordiziak eta Lazkaok liga erregularreko azken lehia Altamiran. Ordiziak irabazi zuen (2-1), eta ligako lehen postuari eusteko behar zituen hiru puntuak lortu zituen. Goitik ospatu zuten maila igoera.

II Multzoko garailea izan da Ordizia, 61 punturekin, Amaikak Bat (60 p.) eta Urolaren (59 p.) aurretik. I Multzoko irabazlea Usurbil izan da, eta Erregional Preferenteko irabazlea zein den erabakitzeko, elkarren aurka jokatuko dute larunbat honetan, hilak 17, Zubietan, 12:00etan.