2014-03-26 chiapucci Ordiziako Herri Antzokian izango da saioa, 17:00etan hasita, eta haien kirol bizitzaz hitz egingo dute, besteak beste

 Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren 54. edizioa Ordizian hasiko dela eta, Ordiziako Udalak eta Chapel-Gorri elkarteak mahainguru bat antolatu dute Txomin Perurena, Claudio Chiapucci eta Marino Lejarreta txirrindulari ohiekin. Martxoaren 29an izango da, Ordiziako Herri Antzokian, 17:00etan. Perurenak, esaterako, orain 40 urte Ordizian hasi zen Euskal Herriko Itzulian parte hartu zuen, eta orduko hartan,  lau etapa irabazi zituen.

Txomin Perurenak 158 garaipen lortu zituen bere kirol bizitzan, horietatik 9 Euskal Herriko Itzulian eta 3 Ordiziako Klasikan. 1974an mendiko sailkapena irabazi zuen Frantziako Tourrean, eta garaipenak lortua da Italiako Giroan, Espainiako Vueltan, Espainiako Txapelketan...

Claudio Chiapucci etapa garaipen ugari lortutakoa Frantziako Tourrean, Italiako Giroan, Donostiako Klasikan... 1991. urtean Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusia eta etapa bat irabazi zituen.

Marino Lejarreta txirrindulari kuttuna da ordiziarren artean. Askotan esana da harentzat Frantziako Tourra Ordizian bukatzen zela. 58 garaipen eskuratu zituen bere kirol bizitzan; haien artean etapak hiru itzuli handietan (Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta), eta hiruna garaipen Donostiako Klasikan eta Ordiziako Klasikan.

Ekitaldi honek ikusmin handia sortuko du, duda izpirik gabe, hiru txirrindulariak oso maiteak baitira euskal txirrinduzaleen artean.

Hirurak bizikleta gainean erakusten zuten grinarengatik eta duintasunarengatik nabarmendu ziren.