2014-03-20 erakusketa Barrenako ezkaratzean dago ikusgai berrogei argazki historikoz osatutako erakusketa

'Euskal Herriko Itzulia Ordizian. 1974-2014' argazki erakusketa zabalik dago atzodanik Barrena kultur etxeko ezkaratzean, eta apirileko lehen asteburura arte egongo da ikusgai. Denera 40 argazki inguru daude, Jeromino Ortizek eginak. Argazkien bilketa lana, berriz, Iñaki Azanza ordiziarrak egin du. Garaiko txirrindularien eta lasterketaren irudiez gain, Jakintza dantza taldearen eta Laguntasuna Errondailaren irudiak ere biltzen ditu, besteak beste.

1974an abiatu zen azkenekoz Itzulia Ordiziatik, eta urte hartan bertan, uztailean, Ordiziako Klasikaren 50. edizioa jokatu zen. Urteurrena ospatzeko hainbat kirol eta kultur ekintza antolatu ziren orduan ere Ordizian.