2014-03-05 urpekoak Bi saio izango dira, goizean 10:00etatik 13:00era eta arratsaldean 16:30etik 20:00etara

Ordizia K.E. Urpekoak, E.H.U.I.F-ren laguntzarekin, martxoaren 8an lehen Ordizia Urpekoak Saria antolatu du. Txapelketa Majori Kiroldegiko igerilekuan ospatuko da. Ekitaldian, estatu mailako 5 talde ezberdinek parte hartuko dute eta guztira 130-140 igerilari inguru izango dira bertan. Parte-hartzaile bakoitzak bi proba egin ahalko ditu erreleboaz gain. Txapelketa bi saiotan banatuko da: lehena goizean, 10:00etatik-13:00etara, eta bigarrena 16:30tatik-20:00tara. Sariketa hau Udaberrian Martxan ekimenaren barruan txertatuta dago.

Lehenengo saioan 50m urazaletik, 400m urazaletik, 400m murgilaldian eta 200m urazaletik probak igeri egingo dira; eta bigarren jardunaldian, 100m murgilaldian probaz gain, goizean igeri egindako proben finalak egingo dira. Jardunaldiko proba guztiak amaitutzat emateko 4x100m urazalean errelebo mistoa egingo da non 2 mutil eta 2 neskek osatuko duten talde bakoitzeko ordezkaritza.

Txapelketa amaieran banatuko diren dominen banaketa bideratzeko, CMAS (Confederación Mundial Actividades Subacuáticas) tablaren arabera egingo da bi probetan lortutako puntuen batuketa eginez. Dominak sailkapenean geratu diren lehengo hiru neska eta hiru mutilei emango zaizkie. Bigarren eta hirugarren postuan geratu diren igerilariei kopa bana emango zaie eta lehengo postuan geratutako neska zein mutilari kopaz gain txapela bat emango zaie.

Ordizia K.E. Urpekoak taldeak, ahalegin guztiak egingo ditu, taldeko igerilariak sailkapenean ahalik eta puntu gehien lortzeko. Gainera, txapelketa irabazi edota lehengo postuetan sailkatzeko aukera daukaten igerilarien artean Josu Sarasola eta Iñaki Lasa nabarmentzen dira.

Ohikoa ez den kirola
XX. mendeko 60ko hamarkadan sortu zenetik, Hegats Igeriketak garapen konstante aizan du. Igerilekuan zen ur zabaletan egin daitekeen kirola da eta helburua, ohiko igeriketak duen berdina da: distantzia jakin bat ahalik eta denbora laburrenean egitea. Baina, kasu honetan, helburua lortzeko hegatsak erabiltzen dira. Gainera, igerilariek hiru modalitatea desberdinetan lehiatu daitezke: murgilaldian eskafandra batekin, apnean eta urazalean.