2014-02-11 Eh Itzulia Zazpi mendate puntuagarri izango ditu etapak, eta tartean, Gaintzako aldapa ezezaguna igo beharko dute bi aldiz txirrindulariek

Euskal Herriko 54. Txirrindulari Itzulia apirilaren 7tik 12ra jokatuko, eta lehen bi etapak Ordizian hasiko dira. Apirilaren 7ko etapa, Ordizian hasi eta bukatuko dena, zehaztuta dute dagoeneko antolatzaileek, eta gaur goizean eman dituzte xehetasun guztiak. 153,4 kilometro izango ditu lehen etapak, eta zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek, tartean Gaintzako igoera ezezaguna bi aldiz. Etaparen ibilbidea ikusgarritzat jo dute antolatzaileek.

Igor Eguren Ordiziako alkatea eta Juan Mari Gereñu kiroletako zinegotzia, eta Jose Luis Arrieta, Enrique Erentxun eta Jesus Mari Iribarren Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak elkarteko kideak Ordiziako udaletxeko osoko bilkura aretoan elkartu dira gaur lehen etapa horri buruzko argibideak emateko. 2013ko azaroaren 13an sinatu zuten bi aldeek Itzuliaren hasiera antolatzeko lankidetza-hitzarmena.

Etaparen ibilbidea
Arrietak azaroan aurreratu zuen ibilbide bihurria prestatzen ari zirela lehen etapa horretarako, zirkuitu baten modukoa, ikusleek etaparekin gozatzeko aukera izan zezaten. Eta gaurko aurkezpenean orduko esanak bete dira. Apirilaren 7ko Ordizia-Ordizia etapak 153,4 kilometro izango ditu, zazpi mendate puntuagarri eta tarteko hiru helmuga.

Etapa 13:20an hasiko da, eta 17:00-17:15 aldera bukatu. Ordiziatik Alegia aldera joko dute, eta 19,7 kilometroan izango dute lehen gaina, Abaltzisketa. Zaldibiara jaitsi, eta Lazkaomendi igo beharko dute gero (28,8 km). Lazkaotik Olaberriara, eta Salbatoretik barrena Ormaiztegira joango dira hirugarren mendatea igotzeko, Gabiriako gaina (46,4 km). Lasterketa Ordiziara itzuliko da gero, eta atzera, Abaltzisketa igo beharko dute bigarrengoz (91,4 km).

Zaldibiara jaitsi eta gero, ibilbideko malda ezezagun eta pikoari heldu beharko diote txirrindulariek, Gaintzako igoerari (101,2 km). Zaldibiatik Gaintzara doan baserri bide bat egokituko da horretarako, eta tarteren batean %20ko pendiza du aldapak. Ordizia aldera egingo dute gero, baina herrian sartu gabe, Altamiratik barrena Okorro gainera igoko baitira (108,9 km). Lazkaora jaitsi, eta Beasaindik barrena Ordiziara itzuliko dira ziklistak.

Azken kilometroetan sartuta, Orendain (132,1 km) izango da seigarren mendate puntuagarria. Larraiztik Zaldibiara jaitsita, Gaintzako bigarren eta azken igoera (146,7 km) izango dute, helmugarako 6,5 kilometroren faltan. Helmuga ez da Gudarien Etorbidean izango (Ordizian ohikoa den moduan), Garagartza plazan baizik, eta bukaera ere bihurria izango da, %8ko malda baitago azken metroetan.

Ibilbide ikusgarria
Jose Luis Arrietaren esanetan, lehen etapa honek ibilbide ikusgarria du, txirrinduzaleek gozatzeko modukoa. Nabarmendu du Larraiztik lau aldiz pasako dela, eta bizkor ibiltzen direnek Gaintzako bigarren igoera ikusteko aukera ere izan dezaketela. Gaintzako igoerak 700 metroko zati gogor bat duela adierazi du Arrietak, nahiz eta aldapa osorik 1,7 kilometrokoa izan. Azkeneko zatiak %16ko pendiza du.

Igor Eguren alkateak adierazi du ibilbide itxuroso eta bizia prestatzeko ahalegina egin dutela. Nabarmendu du Kale Nagusitik bi aldiz pasako dela tropela, eta Gaintzako bigarren igoeran ikusiko dela zein txirrindulari dauden sasoiko. Helmuga puntua ezohiko lekuan jartzeak ere, bestelako ikusmina sortuko duela adierazi du.

Puntako txirrindulariak
Alberto Contador, Alejandro Valverde, Cadel Evans, Frank eta Andy Schleck anaiak, Samuel Sanchez, Tony Martin... dira, besteak beste, Ordiziako irteera gunean izango diren puntako txirrindulariak. UCI World Tourreko 18 taldeak ez ezik, antolakuntzat gonbidatutako beste zenbait talde ere Ordizian izango dira. Apirilaren 8an, berriz, Ordizia-Urdazubi etapa jokatuko da.

Euskal Herriko 54. Txirrindularitza Itzuliari buruzko informazio guztia datorren ostiralean, hilak 14, jarriko dute Interneten, 18:00etatik aurrera.