2013-11-11 EH Itzuliaren aurkezpenaOrdiziako Udalak eta Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak elkarteak gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena

Ordiziako Udalak eta Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia antolatzeaz arduratzen den Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak elkarteak gaur goizean sinatu dute 2014ko Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Ordizian hasteko lankidetza hitzarmena. Igor Eguren Ordiziako alkatea eta Jose Luis Arrieta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidentea izan dira sinatzaileak.

Ordizian hasi eta bukatuko da Euskal Herriko 54. Txirrindulari Itzuliaren lehen etapa, 2014ko apirilaren 7an. Era berean, itzuli horretako bigarren etapa ere Ordizian abiatuko da, apirilaren 8an. Ordizia-Ordizia etaparen ibilbidea zehazten ari dira, baina antolatzaileek aurreratu dute Goierrin barrena jokatuko dela eta ibilbidea erakargarria eta ikusgarria egingo dutela.

Igor Egurenek eta Jose Luis Arrueta ez ezik, Juan Mari Gereñu Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak, Judith Otegi EAJko zinegotziak, Enrike Erentxun Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak elkarteko kideak, eta Ordiziako Txirrindulari Elkarteko Iñaki Telleriak, Txapel-Gorri elkarteko Jose Luis Irastorza eta Miguel Urteagak (Ordiziako Klasikaren antolatzaileak) eta Txindokipe Ordiziako zikloturista taldeko Sergio Salamancak parte hartu dute ekitaldian, baita Jon Izagirre Ormaiztegiko txirrindulariak ere.

Kultur eta kirol ekintzak itzulia girotzeko
Ordizia Txirrindulari Elkarteak, Txapel Gorri elkarteak eta Txindokipe zikloturista urte luzetan txirrindularitzaren alde egindako lana goratuz hasi du hizketaldia Egurenek. Halaber, eskerrak eman dizkie itzulia Ordizian hasteko laguntza ekonomikoa eta giza baliabideak jarri dituzten Ordizia eta Goierri mailako enpresa eta entitateei. Herritarrei ere egin die deia alkateak, itzulia Ordizian dagoen egunetan boluntario modura laguntzeko eskatuz.

Horrez gain, Egurenek aurreratu du 2014ko martxo-apirilean zehar hainbat ekimen egingo direla Ordizian kirol eta kultur elkarteekin elkarlanean. "Martxoko asteburu batean, esaterako, kontzertuak izango dira, eta apirilean 6an, zikloturista martxa. Hala ere, hilabete horretarako ekintzak pixkanaka lotzen ari gara, eta zehaztu orduko jakinaraziko zaizkizue". 2014an 40 urte beteko dira Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Ordizian izan zela azkeneko aldiz.

Ibilbideari buruzko xehetasunak
Jose Luis Larreak, bestalde, Goierrin txirrindularitzaren inguruan lanean ari den jende ugariari egin dio aipamena, eta eskerrak eman dizkio Ordiziako Udalari eta herriari 2014ko itzulia Ordizian hasteko hartu duen konpromisoarengatik. "Espero dut udalarentzat, herriarentzat, antolatzaile taldearentzat eta txirrinduzaleentzat egon politak izatea".

Apirilaren 7ko Ordizia-Ordizia etapari buruzko xehetasun batzuk ere aurreratu ditu Larreak: "Ez da etapa luzea izango, 150 bat kilometrokoa. 14:00etan abiatuko da, eta 17:00-17:15 aldera bukatu. Zirkuitu antzeko bat sortzeko asmoa dugu, eta aurrera dezaket Larraiztik hiru aldiz pasako dela, bai ikusleek eta baita antolatzaileek ere etaparekin gozatzeko aukera izan dezaten". Antolatzaileen helburua etapa Ordizia eta inguruko herrietatik pasatzea dela esan du Larreak, eta esku artean "puntu bero bat" badutela, baina oraindik ezin dutela ezer gehiago esan.

Azkenik, orain arte ezaguna ez zen datu bat ere eman du. "Helmuga ez da egongo Ordiziako Klasikakoaren leku berean, baizik eta Garagartza plazan izango da, Txapel Gorri elkartea dagoen plazan. Tren geltokitik gora igoko dira txirrindulariak plazara, eta ez Gudarien Etorbidetik", aurreratu du Larreak.