2013-11-04 Majori logoaAmaia Zabaleta izena du, Antzuolakoa da, eta kirol arloko hainbat ardura bete ditu azken urteetan Debagoiena eskualdean

Gaur, azaroak 4, hasi da lanean Majori kiroldegiaren zuzendari-kudeatzaile berria. Amaia Zabaleta izena du, Antzuolakoa da, eta azken urteetan kirol arloko hainbat ardura bete izan ditu Debagoiena eskualdean; Bergarako Kiroldegiko zuzendari izana da eta azken hilabeteetan Arrasateko Udaleko kirol teknikari lanetan ibili da. Majoriko Batzar Orokorra (udaleko hautetsi guztiek osatua) urriaren 16ean elkartu zen, eta batzar horretan onartu zen Zabaletaren izendapena. Lehen aste hauetan Eñaut Gereñu orain arteko zuzendariarekin ariko da elkarlanean.

2010. urtetik orain dela bi urte pasatxora arte Igeriketa Lantzen enpresak kudeatu zuen Majori Kiroldegia. Garai horretan, 2011ko uztailean, hartzekodunen-lehiaketan sartu zen enpresa hori, Majoriko langileek hilabeteak zeramatzaten soldatarik jaso gabe, eta egoera hura ikusita, Igeriketa Lantzenekin zuen kontratua etetea erabaki zuen Ordiziako Udalak. Egoera bideratu eta egonkortu bitartean, Eñaut Gereñuri behin-behineko kontratua egitea erabaki zuen udalak.

Gereñuren izendapena egitearekin batera, etorkizuneko kiroldegi eredua eta zuzendari-kudeatzaile berria izendatzeko lanari ere ekingo ziola esan zuen orduan Ordiziako Udalak. Iazko abenduan jarri zuen martxan Majoriko arduraduna kontratatzeko prozesua LKS aholkularitza enpresarekin, Majoriko Administrazio Kontseiluak oniritzia eman eta gero. 50 pertsona aurkeztu ziren postu hori betetzeko, eta hainbat azterketa gainditu eta gero, Amaia Zabaletak beteko du kargua.