2013-09-23 Ordizian kirolean astea aurkezpenaOrdiziako Kirol Aholku Batzordeak urtebetez landu duen Kirol Dekalogoa sinatzeko ekitaldia egingo da hilaren 29an Altamira estadioan

Datorren asteazkenean hasi eta igandera bitartean, irailaren 25etik 29ra, egingo da aurten IV. Ordizian Kirolean astea, Ordiziako Udaleko Kirol sailak hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu duen ekimena. Ordizian Kirolean astearen helburu orokorra herri mailan kirola sustatzea da, eta aurtengo helburu zehatza, berriz, kirolaren balioak goraipatzea izango da.

Joan Mari Gereñuk eta Izaro Intsaustik, kiroletako eta partaidetza zinegotziek, Jon Biguri Ordiziako Kirolaren Aholku Batzordeko kideak, Patxi Epelde artistak eta Iban Perez Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko presidenteak aurkeztu dute gaur Altamiran IV. Ordizian Kirolean astea.

Askotariko ekintzak izango dira asteazkenean hasita, Intsaustik azaldu duenez. Egun horretan bertan, irakasle, entrenatzaile, epaile eta gurasoei zuzendutako saio tekniko bat izango da 18:30ean Coach & Coachen gidaritzapean; ostegunean, Kike Biguri umoregileak ikasleekin saio bat egingo du 11:00etan; ostiralean, judo, wu-shu eta kung-Fu erakustaldi bat izango da plazan 19:00etan; larunbatean, kirol egokituko saio bat izango da, hau ere plazan, 11:00etan, eta igandean, azkenik, Josetxo Imaz memoriala.

Intsaustiren esanetan, ekimen horien guztien artean bada atal bat nabarmentzekoa. Ordiziako Kirol Aholku Batzordeak urtebetez landu duen Kirol Dekalogoa. Josetxo Imazen Oroimenezko helduen proba hasi aurretik ekitaldi xume bat egingo da Altamiran bertan, 10:30ean, eta Ordiziako kirol elkarteek eta ikastetxeek dekalogoa sinatuko dute. Dekalogo hori kirol ekitaldiak egiten diren leku esanguratsuetan jarriko da, eta Patxi Epelde artistak 'Jokau Jator Kirolean' (JJK) lemarekin egindako logoa ere jasoko du.

Kirol dekalogoa

Jon Bigurik eman du batzordean egiten duten lanaren eta dekalogoaren berri. Kirolaren Aholku Batzordea (KAB) orain hiru urte sortu zen, Ordiziako Udalaren ekimenez. Kirol elkarteetako, Eskola Kiroleko, ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek, eta norbanakoek osatzen dute. Ordiziako kirol jardueraren inguruko hainbat erabaki hartzen dira batzorde horretan, besteak beste: diru laguntzen araudiak, kirol instalazioen ordutegiak...

Azken urtean, ordea, Kirol Dekalogo bat sortu eta adostea izan da batzordearen lehentasunetako bat, bai eskola kirolean eta baita elkarteen jardunean ere sortu izan diren egoera gatazkatsuei aurre egiteko asmoarekin. "Kirolari, arduradun, ikusle eta gurasoei zuzendutako dekalogo bat da, eta helburu argia du: kirolaren esparruan aritzen diren eragile guztiak heztea eta kirolaren benetako balioak goraipatzea", adierazi du Bigurik.

Hauxe da Kirol Aholku Batzordeak adostu duen dekalogoa.

ORDIZIAKO KIROLEAN JARRERA EGOKIEN DEKALOGOA

Kirolariei, arduradunei, ikusleei eta gurasoei zuzendua.

1. KONPROMISOA: Ordiziako herriak konpromisoa du kirolarekin, maila eta kategoria guztietan, erakundeen, elkarteen eta ikastetxeen bitartez.

2. PARTE-HARTZEA: Guztiok gara ezinbestekoak, kirolari, arduradun, ikusle eta gurasoak. Ez dago titularrik ezta ordezkorik ere.

3. ELKARLANA: Beti irakasteko eta laguntzeko prest.

4. EREDUGARRI: Gure jarrerak, zelaian nahiz harmailetan, eredugarria izan behar du.

5. JOKABIDEA: Instalazioak egoki eta arduraz erabili. Aurkariek ondo egindakoak txalotu. Animatu, iraindu gabe. Galtzen ez ezik, irabazten ere jakin behar da.

6. JOKO GARBIA: Emaitzari garrantzia kendu behar zaio. Partida bukatzen denean aurkariak, kideak eta epaileak agurtu. Indarkeria mota guztiak gaitzetsi behar dira. Ez erabili debekatutako laguntzarik errendimendua hobetzeko.

7. ENPATIA: Pertsona bakoitzaren lekuan jarri beharko genuke geure burua, bere jarrerak edo erabakiak epaitu aurretik, hauek hobeto ulertzeko.

8. ERRESPETUA, IRAINIK EZ: Kirol familiaren partaide guztiei errespetua zor zaie, baita aurkariei ere. Joko arauak ikasi eta errespeta itzazu.

9. ESKUZABALTASUNA, AHALEGINA: Taldeari eskuzabal egin ekarpenak. Taldea da garrantzitsuena, norbere burua nabarmentzeko nahiaren gainetik.

10. ONARPENA, AUTOKRITIKA: Dekalogo honetako araudiak gure kirol helburuak lortzen lagunduko digunaren ziurtasuna dugu; baina ez hori bakarrik, Ordizia kirolaren erreferentea izaten lagunduko duela ere uste dugu

Hauek dira Kirolaren Aholku Batzordean parte hartu eta dekalogoa sinatzeko konpromisoa hartu duten Ordiziako kirol elkarte eta eragileak:

-OKE Ordizia Kirol Elkartea (Saskibaloia, Igeriketa, Urpekoak, Futbola, Emakumezkoen areto futbola, Gimnasia eta Sofbola ),
-ORE (Ordizia Rugby Elkartea)
-OTE (Ordiziako Txirrindulari Elkartea)
-Txindoki Atletismo Taldea
-Txapagain (Esku pilota)
-Oiangu (Erraminta)
-Ordiziako Eskubaloi taldea
-Ordiziako Arku Tiraketa taldea
- Txindokipe (Zikloturismoa).
-Ordiziako Mendizaleak elkartea
-Pauso Gaizto mendizale elkartea
-Barkatu Ama espeleologi taldea
-Horiekin batera, Oianguren Institutuko, Urdaneta Ikastetxeko eta Jakintza Ikastolako ordezkariek ere sinatuko dute dekalogoa.

JJK logoa

Patxi Epelde artistak, bestalde, Ordizian Kirolean asterako eta dekalogoaren inprimakian erabiltzeko JJK 'Jokatu Jatori Kirolean' logoari buruzko azalpenak eman ditu. Logoa hiru mailatan banatuta dagoela adierazi du: "Goian, aza dago, ordiziarrak horrela ezagutzen direlako. Erdian lema jarri dut. Euskarazko 'Jo ta ke' espresiotik sortutako ideia bat da. Kirolean asko erabiltzen den esamolde bat da, eta hortik abiatuta hitz joko bat egin dut. Eta behean, bi esku bostekoa ematen, kiroltasunaren ikur moduan".

Ordizia Kirolean asteko kartela hemen