2013-08-08 Superkopa taldeaPartida bukaeran herri bazkaria egingo da plazan, klubaren 40. urteurreneko ospakizunei hasiera emanez

Denboraldiari Espainiako Kopa irabaziz agur esan ondoren, 2013-2014 sasoiari ere final batekin emango dio hasiera Ampo Ordiziak, Espainiako Superkopako finala jokatuz.  Datorren igandean, iazko ligako txapeldun VRAC Quesos Entrepinaresek eta kopako txapeldun Ampo Ordiziak neurtuko dituzte Altamiran, 13:00ean hasita. Ordizia Rugby Elkartearen 40. urteurrena ospatzen hasteko modu bikaina izango da, baita ondoren Plaza Nagusian egingo den herri bazkaria ere.

Partidarako sarrerak Amonane, Ilunpe, Koiote, Aldasoro, Sugaar, Leizea eta Altamira tabernetan eros daitezke, baita Vicuña Sport kirol dendan ere. Sarrerak 10 euro balio du aurrez erosita, eta 12 euro egunean bertan. Altamiran harmaila gehiago jarri behar dituzte, eta 1.600 eserleku inguru izango dira.

Segidan herri bazkaria

Finalaren eta hirugarren denboraren ondoren, herri bazkaria egingo da Plaza Nagusian, 15:30ean hasita. Bazkarirako txartelak Vicuña Sport kirol dendan eta Amonane tabernan daude salgai. Bost eta hamalau urte bitartekoek 7 euro ordaindu behar dute, eta hamalau urtetik gorakoek 14 euro.