Atez ate 02Edukiontziak kentzen, berriz, datorren astelehenean hasiko dira

Gaur, uztailak 12, hasiko da Atez ateko hondakin bilketa Ordizian. Bilketarako ontziekin batera banatutako egutegiari jarraituz,  gaur organikoa atera beharko da. Organikoa zulorik gabeko ontzi marroian atera behar da, eta etxe atarian dauden zintzilikarioetan jarri behar da. Zintzilikarioak ez dira poltsak zintzilikatzeko.

Organikoaz gain, pixohialak eta konpresak atera ahalko dira egun berean –gainontzeko egunetan ere bai-, egun horri dagokion ontziaren barrenean sartutako aparteko poltsa batean. 20:00etatik 23:00etara bitartekoa da ontziak kalera ateratzeko ordutegia, eta 20:00etatik 22:30etara bitartekoa kasko historikoko bizilagunen kasuan. Ontziak hurrengo egunean jaso daitezke.

Informazio bulegoa astelehenetik ostiralera

Bestalde, Ordiziako Udalak jakinarazi nahi du Atez atekoaren informazio bulegoa astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez zabalik egongo dela datorren astelehenetik (uztailak 15) aurrera. Goizez 11:30etik 13:30era egongo da irekita, eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara. Orain arte asteazken eta ostiraletan soilik egoten zen irekita.

Azkenik, esan, orain artean kalean egon diren edukiontziak kentzen datorren astelehenean hasiko dela Sasieta.