la foto71Ordiziako herritarrek diseinatu dute dagoeneko Atez Ateko sistema

Maiatzaren 6an hasita, auzokako 12 parte-hartze bilera eta beste 4 bilera ireki egin ditu Ordiziako Udalak Sasieta Mankomunitatearekin elkarlanean, herritarrekin batera hondakinak gaika biltzeko eredu eraginkorrago bat sortzeko. Orotara 1.200 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte prozesuan, eta hainbat erabaki hartzeaz gain, zerbitzua hobetzeko proposamenak ere egin dituzte.

Arrakastatsua izan da hondakinen atez ateko bilketa diseinatzeko prozesua eta oinarria jada adostuta, sistema martxan jartzeko urratsak emango dira jarraian. Hala adierazi dute gaur Ordiziako alkate Igor Egurenek eta Sasieta Mankomunitateko presidente Azeari Andonegik Ordiziako Udalean egindako prentsaurrekoan. Guztira, 1.200 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte-hartze prozesuan: "Benetan harro gaude lortu ditugun emaitzekin. Herritarrak zoriondu nahi ditugu erakutsi duten inplikazioagatik. Foru Aldundiko Partaidetza Sailak prozesua eredugarritzat jo du eta asteburu honetan Kursaalean egingo den topaketetan aurkeztuko da, etorkizunerako aurrekari izango dena eta eredu berri bat markatuko duena", adierazi du Egurenek.

Maiatzaren 6an hasi eta ekainera bitartean, auzokako bilerak egiteaz gain, SPORAko teknikariek herriko komertzio, ostalari eta enpresa txiki guztiak bisitatu dituzte banan-banan. Bilera emankorrak izan dira, eta Sasietako Mankomunitatea eta Ordiziako Udala oso gustura agertu dira eta balorazio positiboa egin dute parte-hartze prozesuaz. Hala azaldu du Andonegik: "Azken batean hondakinen bilketarako sistemarik eraginkorrena guztion artean ari gara diseinatzen. Orain artekoan Ordiziako herritarrak asko ari dira inplikatzen eta horren fruitua da parte-hartze prozesuak izan duen emaitza eta arrakasta".

Hondakinen % 80 baino gehiago birziklatzea helburu hartuta eta orain artean ezagutzen diren sistemen artetik emaitzarik onenak ematen dituela iritzita, Ordizian atez atezko sistema berria eta pertsonalizatua ezarriko da. Sasietako Mankomunitateak bilketa egiteko proposatu duen eredua, ordea, irekia da, beraz herritarrekin batera hainbat erabaki hartu dira, herri bakoitzeko nahiak eta ekarpenak kontuan hartuz hautatu den eredua zehazteko. Prozesuan aipaturiko puntuen berri emateko lehen bilera irekia atzo egin zen, euskaraz, Herri Antzokian 18:30ean. Gaur berriz, ordu eta toki berean egingo da bilera gaztelaniaz. 

Parte-hartze bileretan hainbat erabaki hartu dira. Hasteko eta behin, norbanakoaren kubo urdinaren ordez, komunitateko edukiontzia erabiltzea. Bigarrenik, komunitate bakoitzak aukera izan du bere atarian bilketa gunea nolakoa izango den erabakitzeko. Bizilagun gutxiko hainbat etxebizitzek, zintzilikariorik gabe, lurrean utziko dituzte edukiontziak. Etxebizitza askoko etxeetan aldiz, zintzilikarioak erabiliko dira. Hirugarrenik, bilketarako egutegia eta ordutegia ere definitu ahal izan dira. Ordutegia aldatzea proposatu da. 20:00etatik 22:00etara aurreikusten bazen ere, ordutegia 23:00ak arte luzatu da. Bilketa egutegia berriz, proposatutako eran mantendu da. Hala, astelehenetan, papera eta kartoia bilduko da; astearte, ostiral eta igandetan organikoa, asteazken eta larunbatetan ontzi arinak; eta ostegunetan birziklatu ezin den errefusa. Laugarrenik, pix-ohialak eta konpresak egunero atera ahalko dira: kuboen gainean aparteko poltsa batean utziko dira, edota bestela, kubo barnean, gainaldean, beste poltsa batean sartuta. Azkenik, landa guneko bizilagunek eta erabiltzaile puntualek

Garbigunea erabili beharko dute hondakinak gaika sailkatuta uzteko. Badira orain arte bezala jarraituko duten zerbitzuak ere. Beira gaur egungo sistema berberarekin bilduko da, pilak, arropa eta sukaldeko olioa ere bai. Bolumen handiko hondakinentzat ere orain arteko bilketa sistemak jarraituko du eta asteartero egingo da bilketa. Aipatutakoaz gain, Ordiziako bizilagunek konpostajea bultzatzeko beharra ikusi dute, eta Udalek konpromisoa hartu dute auto nahiz auzokonposta kanpainari bultzada emateko.

Gogoratu, maiatzaren 15ean ireki zela Atez Atekoaren informazio bulegoa. Udaletxean dago kokatuta eta asteko bi egunetan irekitzen da: asteazkenetan, 9:30-13:30 eta 17:00-19:00 artean, eta ostiraletan, 11:30- 13:30 eta 17:00-19:00 artean. Bertan Leire Garmendia Udaleko ingurumen teknikaria egoten da ordiziarren kezkak eta zalantzak argitzeko. Bestalde, herritarren eskura jarri dira 608 675 791 telefonoa eta
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoa ere.

Aurrera begirako urratsak:
Behin Ordiziako herritarrekin atez ateko hondakinen gaikako behin betiko sistema nolakoa izango den erabakita, bilketa sistema berria martxan jartzeko hurrengo urratsak emango dira. Hasteko eta behin, beti betiko bilketa sistema nolakoa izango den adierazteko eskuliburua banatuko da etxe guztietara, eta horrekin batera, baita BIRZIKLATZEA ERRAZA DA! kanpaina aurkezteko eskutitza ere. Kanpaina horren baitan bi ekimen nagusi aurreikusten dira: batetik, kuboekin batera, HONDAKINAK ONDO BEREIZTEKO GIDA familia guztiei banatzea, modu erraz eta grafikoan zer nora bota adierazteko; eta bestetik, Patxin eta Potxinen emanaldia, birziklatzearen inguruan herritarrak kontzientziatzea helburu duen kale-antzerkia, haur zein helduentzat aproposa. Esan bezala, gida, Atez Ateko bilketa sistema martxan jartzeko beharreko materialarekin batera (kubo-banaketan) banatuko dugu, eta Patxin eta Potxinen emanaldia berriz, ekainaren 17ko astean egingo da.

Eredu eraginkor bateranzko bidean:
Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko presidentea oso gustura agertu da Ordiziak hondakinak biltzeko eredu eraginkorrago baten aldeko apustu nabarmena egin duelako eta laster orain arteko tasa nabarmen hobetzeko moduan izango delako: "Hor daukagu Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko adibidea. Martxoaren 21ean Atez Atekoarekin funtzionatzen hasi zirenetik nabarmen hobetu dituzte datuak: Legorretan lehenagoko tasa bikoiztea lortu dute, Zaldibian berriz ia hirukoiztu egin dute eta % 85ean dago; eta Itsasondon % 90era ari dira gerturatzen. Esan erraz egiten da, baina lorpena herritarren eguneroko ahaleginari esker bakarrik da posible. Espero dugu, laster Segura eta Ordizia ere norabide berean sartuak izatea".

Andonegiren hitzetan, Ordizian ere birziklapenean aurrera egingo dute, Atez Ateko bilketa sistema berriarekin posible izango baita % 80 baino gehiago birziklatzea, hala gaur egungo tasa 40 puntutan handituz, eta hori dena, herritarrei esker: "Horrexegatik, herritar guztiak animatu ditut hemendik aurrera ere orain arte bezain arduratsu eta aktibo jokatzera, guztion artean Goierri jasangarri eta eredugarri bat eraiki dezagun. Izan ere, gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da. Eta horrelako egunetan aldarrikapen handiak egiten dira. Baina Ingurumenak egun bakarra ez, baizik eta egun guztiak behar ditu bere".