Ordiziako Udalak mugikortasun jasangarria ardatz du eta hori lortu eta bultzatzeko ekimen eta proiektu ezberdinak garatzen ari da, eta jarraituko du. Bide horretan, azken urratsa herrian zehar eskola-bidea margotzea izan da. Hala, herriko hainbat guneetan kolore desberdinetako oinatz batzuk margotu dira, eta elkartzeko puntu batzuk ere bai. Horiek izango dira Ordiziako eskola-bidea identifikatzeko elementuak.

“Proiektu honen helburua da ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitzeko aukera izatea, eta espazio publikoaren erabilera berreskuratzea. Herriko bi ikastetxeek modu bateratuan egin dute proiektua Udaltzaingoarekin batera, eta ekimeneko partaide aktibo izan dira. Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasle gehienek ibilbide berdintsuak erabiltzen dituzte eta modu honi esker puntu horiek identifikatuta izango ditugu Ordizian”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, hezkuntza zinegotziak. Hain zuzen, elkargune eta ibilbideak margotzeko Udalak eredu bezala txantiloi batzuk prestatu ditu eta bi ikastetxeetako ikasleek txantiloi gehiago egin dituzte. Udal langileek txantiloi hauek erabiliz kaleetan eskola bidea margotu dute.

Horrez gain, Maitane Alvarez alkateordeak gaineratu du eskola-giroan “mugikortasun aktiboa sustatzea tresna eraginkorra” dela herritarrak “txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari ekartzen dizkion onurez”.

Mugikortasun jasangarri bat lortzeko bidean Udalak hainbat ekimen ere martxan jarri ditu, besteak beste, oinezkoari lehentasuna emateko espaloietan belarriak izeneko eremuak sortu dira eta sortuko dira, eta zebra bideak oinezkoen mailara igo dira, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Bestalde, Ordiziako Mugikortasun Plana berritzen ari da, jasangarritasunari lehentasuna emanez.