Interes orokorra defenditu eta aparkatzeko beharrari erantzun nahi zaio parking plazak udalerrirako berreskuratuta

Ordiziako Udalak 16 aparkaleku plaza jarri ditu herritarren eskura Zuberoa kaleko sotoan, Lukusain plazan, 50 urteko eperako. Jose Miguel Santamaria alkateak Iñaki Dubreuil eta Josi Iturrioz zinegotziekin batera garajeetara egin duen bisitan esan duenez, eskaintza honekin ‘auzoko bizilagunek egindako eskaerari’  eta udalerrian dagoen ‘aparkaleku beharrari’ neurri batean erantzuten zaio. Plaza itxiak dira, 14 metro koadro ingurukoak, eta prezioa 13.222 euro da, gehi  %4ko zergari dagokiona.

Plaza horietako bat eskuratu nahi dutenek izena eman behar dute. Prozesuaren hasiera iragartzen duen dekretua asteazken honetan, azaroaren 28an argitaratu da eta hamar lanegun daude, abenduaren 12ra arte hau barne, izena emateko argitaratu eta gero. Eskaera egiteko edo informazioa eskuratzeko Udal arreta bulegora (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 13:30era) edo Udaltzaingoaren bulegora (astelehenetik ostiralera 15:30etik 19:00etara edo larunbat goizean 9:00etatik 13:30era) joan behar da. Informazioa telefonoz jasotzeko 943805611 zenbakira dei dezake. Garajeak zozketa bidez emango dira.

Ordiziako Udalak Lukusain plazako lur-azpiko aparkaleku eremu baten jabegoa du, eraikuntza enpresa baten  konkurtso-prozesutik herrirako berreskuratu eta gero. 32 plaza dira guztira eta horietatik 16 dira salgai jarri direnak. Hauen salmentatik datorren diru-sarrera 2018ko aurrekontuetan aurreikusita dago.

‘Guk lanean jarraitzen dugu, legealdi osoan zehar bezalaxe, Ordiziak aurrera egin dezan. Herritarrek egiten dituzten hainbat eskaerei erantzuten ari gara eta desafioetako bat da aparkatzeko beharrak asetzea. Neurri honekin, garaje plazak udalerrirako berreskuratu eta bizilagunen eskura jarri ditugu, interesa orokorra defenditu eta inguruko bizilagunen eskaerari aurre eginez’, esan du alkateak.

Prozesu luze eta neketsua

Irailean plegua prest zegoen, tasazioa ezagutu, prezioa zehaztu eta udaletxearentzat plaza batzuen erreserba aukera aztertzeko faltan. Gai hauek argitu eta gero, plegua azaroaren 12ko Osoko bilkuran onartzeko sartu zen, urgentziaz, diru-sarrera gestionatzeko eta herritarren interesaren jakitun izanda. Oposizioko alderdiek ‘presaka ibili beharrik ez’ zegoela eta gaia ‘hurrengo legealdiko gobernurako utzi’  zitekeela argudiatu zuten, aurtengo aurrekontuaren zati handi bat ‘exekutatu gabe’ zegoelako, eta garajeen egoera, giltzen entrega eta bestelako ‘informazioa falta’ zutela esanda.

Alkatearen esanetan, baldintzen plegua irailaren 28ko gobernuko juntan eman zuen, urriaren amaieran jaso ziren giltzak eta urriaren 3tik alderdi guztien batzordeko aldeko diktamena dago. ‘Eragozpenak hilabete geroago iritsi dira, giltzak jaso, tasazioa egin, jabetza eta balorazioak.. dena lotuta dagoenean eta azkeneko gobernu batzordean alderdi guztiek informazioa jaso dutenean’, azpimarratu du Santamariak.

Dubreuilek zehaztu duenez, gobernu taldeak 160.000 euroen diru-sarrera aurreikusi zuen garajeen salmentagatik baina oposizioak handitu egin zuen kopurua, 200.000 eurotara. ‘Orain atzera egitea inkoherentea eta arduragabea da eta aurtengo aurrekontuetan aurreikusitako hainbat proiektu exekutatzea galerazten du. Horregatik urgentzia eta beharra’.

Hala, garajeen salmentaren diru-sarrera oposizioak proposatu zuen, ‘eurek gaizki onartutako aurrekontuak zuzentzeko’. Beraz, ‘orain salmenta atzera botatzeak aurrekontuaren egonkortasunaren printzipioa haustea dakar, eta hori ere konpondu beharra dago’, amaitu du.  Azkenean,  gaia aurrera ateratzeko beste irtenbidea erabili da, hau da, alkate dekretua sinatu eta bidali da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera. 

‘Prozesu luze eta neketsua izan da. Garaje plazak Ordiziarentzat berreskuratzeko aukera izan dugu, interes orokorra defendituz eta kudeaketa sakona eta zuzena eginez. Oposizioak Udalaren jarduna blokeatzea nahi izan arren, Ordiziak behar dituen proiektuak lantzen jarraituko dugu, eten gabe, ordiziarren eskaerei erantzunez, gure herriaren dinamismoa eta bizilagunen ongizatea bultzatzeko. Paralisia dakarten eztabaidetan ez dugu minutu bat gehiago xahutuko. Blokeoen gainetik, herritarrekin euren beharrak asetzeko elkarlanean jarraituko dugu. Horrela egingo dugu legealdian zehar eta baita gaurko gaiarekin ere’, amaitu dute udal agintariek.

*eskaera orria:

Garajeak_eskaera_Solicitud_garajes (pdf)