ORDIZIAKO IKASLEEK ETA UDALAK LURZORU NATURALA HOBETZEKO KONPROMISOAK ADOSTU DITUZTE

Gazteak auzolanerako prest azaldu dira

Eskola Agenda21en audientzia izanda udaletxeko Batzar aretoan.

Ikastetxeetan aurten ‘Lurzorua’ gaiaren inguruan egindako lana azaldu dute  Urdaneta ikastetxea, Jakintza ikastola eta Oianguren institutuko ikasleek.

Hala, gazteek herriko diagnostikoa gauzatzeko hainbat bisita eta irteera egin eta udalerriko eta eskualdeko datuak eta informazio ezberdinak aztertu dituzte. Ikasleek ikasgeletan proposatutako konpromiso eta Udalari egiteko proposamenak eskolarteko foroan adostu dituzte. Joseba Aranburu Ingurumeneko zinegotzia eta Jose Miguel Santamaria alkatea elkartu dira gazteekin. Euren lana hobeto ezagutu dute eta proposamenei erantzun diete.

 

KONPROMISOAK batetik

Honakoak dira ikasleek betetzeko hartu dituzte konpromisoak:

-Herriko parkeetako elementuak zainduko dituzte, zuhaitzetako adarrak, belarra , iturriak eta abar.

-Ikastetxean jarraituko dute konposta egiten gero baratzean erabiltzeko.

-Ibaiaren bazterrak garbiak mantentzeko  zaborra era egokian kudeatuko dute.

-Hondakin gutxiago sortu eta hauen kudeaketa eraginkorragoa egingo dute: hamaiketakoa tupper batean ekarri, paperezko mukizapien ordez telazko mukizapiak erabiliz.

-Herriak dituen beharretan, aktiboki eta boluntarioki parte hartzen saiatuko dira eta egoera desegokian dagoen lurzorua zaintzen ahaleginduko dira.

-Herritarren eta nekazarien munduak bat egiten saiatuko dira.

-Energiaren kudeaketa eraginkorragoa egingo dute.

 

PROPOSAMENAK bestetik

Eta honakoak ikusitakoaren ondoren egoera hobetzeko Udalari luzatu dizkien proposamenak:

-Herriko parkeak aisialdirako izateaz gain hainbat animalien bizilekua da, beraz, biodibertsitate hori mantentzeko txori habien tailerrak antolatu eta parkeetako zuhaitzetan jarri.

-Auzo berrietan auzo-konposta egiteko berdeguneak prestatu eta horien erabilpena bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea.

-Lur mugimenduak egiten direnean eraikuntza bat egiteko, gelditzen den lurra eusteko zuhaitzak landatzea.

-Erreka bazterretan garbiketak egitea noizean behin.

-Oianguko futbol zelaia konpondu. Laguntza behar bada ikasleak laguntzeko prest daude.

-Konpostatzeko aktibitateak egin: informatu eta erakutsi nola erabiltzen den.

-Herritar guztiekin bisitak araztegira antolatu.

-Herrian lurzorua (naturala) duten guneak handitu edo egokitu.

 

ERANTZUNAK

Udal ordezkariek proposamenei banan banan erantzun diete. Habien tailerra Oiangun egin izan dela gogoratu dute eta egokia iruditu zaie herri-gunean egiteko ideia. Auzo-konposta egiteko bi eremu gehiago prestatu behar direla ezagutzera eman dute: Altamira eta Majori auzoetan, hain zuzen. Lur mugimenduei eusteko zuhaitzak landatzea egiten dela esan du Aranburuk: ‘iazko Zuhaitz eguna adibidez helburu horrekin egin genuen’, gogoratu du.

Erreka garbiketari buruz, aurten ere auzolanerako eguna antolatzeaz gain, errekak daraman zaborra herri batetik bestera doanez, ‘denon arazoa’ dela eta Goieki garapen agentziaren bidez lanketa osoa hasi dela iragarri du zinegotziak.

Oianguko futbol zelaiari dagokionez, gazteek auzolanerako azaldu duten prestutasuna kontutan hartuko da eta konpostatzeko aktibitateak antolatzeko ideia Hondakinen mahaian landuko da. Era berean, aintzak hartuko dira azken bi proposamenak: araztegira bisitak, ‘komun zulotik behera botatzen dugun guztiak ze kalte egiten duen gertutik ikusi eta sentsibilizatzeko’ eta lurzoru naturala duten gune gehiago sortzeko ideia ere ontzat eman dute udal ordezkariek.

Gazteek auzolanerako gogoa azaldu dute.