ORIA, GARBIAGO

Haur-aulkiak eta bankuak, hondakinen artean

Eguraldi kaxkarrari aurre eginez burutu zen larunbatean auzolanean Oria ibaiaren garbiketa, ‘Cibeles’ parean, Ordiziako Udalak antolatuta. Helduek eta, batez ere, gaztetxoek hartu zuten parte. Guztira,  44 lagun agertu ziren  euren denbora eta borondate hoberena eskaintzeko.

Bidelagun izan zuten  mendi eta ibaien mantenua eta baso-berritzea zaintzen duen Sumaru ingurumen elkarte berria. Zabor ugari atera zuten ibaitik, trasteen artean, paseoko bi haur-kotxe eta kaleko eserleku bat.

Udalak Sumaruri eta parte-hartzaileei bere eskerrik hoberena eman nahi dizkie egindako lanagatik eta erakutsitako jarreragatik.