UDALAK SAN BARTOLOMEKO TRAFIKOA BERRANTULATUKO DU

N-1etik dagoen sarrera-irteera eta Eroskiko ingurunea egokituko dira

Ordiziako San Bartolome auzoko zirkulazioa berrantolatuko duen proiektua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak. Ekimen honen baitan, foru erakundeak inguru hau egokitzeko hitzarmena sinatuko du Ordiziako Udalarekin eta, besteak beste, San Bartolome auzoak N-1etik daukan sarrera-irteera adarra berrituko da, oinezkoentzako espaloia eta bizikletentzako bidegorria eginez. Eroski hipermerkatuaren inguruan ere egokitzapen lanak egingo dira. Gainera, pantaila akustikoak jarriko ditu Aldundiak Ordizian, N-1eko 421,680 eta 421,820 kilometro puntuen artean.

N-1 errepidetik Ordiziara dauden lau sarreretako bat da San Bartolome. Trafiko gutxien duen sarrera izan arren, zirkulazioa bi norabideetakoa denez, auzoarentzat gehiegizkoa da. Gainera, Eroski bertan kokatuta dagoenez, oinezkoen joan-etorri handia egoten da beheko pasabidean. Auzoak gaur egun bizi duen egoera hori konpontzeko asmoz jarri da martxan ekimena. Onartutako aurreproiektuak 383.000 euroko aurrekontua dauka. Udala eraikitze proiektuaz arduratuko da eta Diputazioak obraren finantzaketan parte hartuko du.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Ordizian izan da gaur, bi proiektuak  alkatearekin batera azaltzen. Hedabideei eginiko adierazpenetan azaldu duenez, “N-1eko sarrera irteera erabat aldatuko da. San Bartolome kalea norabide bakarrekoa izango da eta horrek espaloiak zabaltzeko aukera emango digu. Merkataritza zentroa bertan dagoenez oinezko asko ibiltzen da zonaldean eta horiek segurtasunean asko irabaziko dute”.  Goierri Eskola eta tren geltokiaren arteko ibilbidea asko erraztuko dela ingurunearen berrantolamenduarekin gehitu du Oiarbide diputatuak.

Alkatearen esanetan, San Bartolome auzoa hobetzeko pauso garrantzitsu bat emango da berehala. Duela urte batzuk ekin zitzaion auzoaren berritzeari, erortzear zeuden eraikin batzuk botaz, espaloiak egin, argiteria berritu, ingurua txukundu eta aparkalekua handituz, besteak beste.

‘Auzoa hobetzeko pauso kualitatibo handia da oraingoan emango duguna, eremuko  egoerak eskatzen duen premiagatik’, azpimarratu du.

Obraren helburua San Bartolomeko trafikoa berrantolatzea eta auzoaren bizi kalitatea hobetzea lan honi esker. Trafikoan birmoldatzean, ‘auzoak duen sarrera degradatua urbanistikoki hobetu; oinezkoentzat eta ibilgailuentzat sarrera-irteerak ordenatu; oinezkoentzat irisgarritasuna eta segurtasuna bermatu; tren geltokia eta erdigunea, Upabialdea eta Goierri eskolarekin lotzen dituen ibilbide seguruagoa egin; eta, San Bartolomeko aparkalekuaren erabilera bultzatuko dela esan du.

 

Pantaila akustikoak Euskal Pilotan eta Buztuntzan

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ordiziako biztanleen aspaldiko eskaerari erantzunez, pantaila akustikoak jarriko ditu N-1ean. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez “pantaila akustikoak jarri aurretik eraginkorrak diren edo ez aztertu behar izaten da eta, kasu honetan, azterketa akustikoak erakutsi du eraginkorrak izango direla”. Lanak lehenbailehen abiatu nahi dituela Aldundiak eta irailean bertan hasiko direla gehitu du Oiarbide diputatuak.

Donostiako norabidean, N-1eko 421,680 eta 421,820 kilometro puntuen arteko eskuin aldean jarriko dira panelak. Zonalde hori N-1 errepideko gainaldeko igarobidean (Gudarien Etorbidea) hasi eta Donostiako norabidean 140 m luzatzen da. Errepidearen ezkerraldean hiru etxebizitza bloke daude, San Inazio kalean; eta eskuinaldean, berriz, Euskal Pilota Kaleari dagozkion etxebizitzen eraikinak daude.

Gipuzkoako Foru Aldundiak inguru horretako zarata gutxitzeko egingo duen soluzioan, eskuin alderako, 4 metroko altuera izango duen metakrilato gardeneko pantaila akustiko bat diseinatu da; horrela, pantaila opaku batek kalean sortuko lukeen itxitasun efektua ekidin nahi da.

2017 hasieran Gasteizko norabideko zatiari ekingo dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Norabide horretan etxebizitza eta N-1aren artean, Madril-Irun trenbidea kokatzen da. Ezkerralderako pantaila akustiko bejetal bat diseinatu da, bere zarataren xurgapen ezaugarriengatik eta ingurunean ondo integratzen delako, N-1 eta trenbidearen artean hesi berdea eginez. Zarataren xurgapen funtzioa bi aldeetan egiten denez, N-1etik eta trenbidetik datorren zarata gutxituko da. Ezkerraldean ere 4 metroko altuera izango du panelak.

Esleipen prozesua irailean jarriko da martxan eta Donostiako noranzkoan dauden panelei lehentasuna emango zaie obrak 2016an zehar hasteko helburuarekin. Hiru hilabeteko epea eta 241.500 euroko aurrekontua izango dute. Gasteizko noranzkoan jarriko diren panelak ondoren esleituko dira eta obrak 2017an gauzatuko dira. Hauek ere hiru hilabeteko epea izango dute eta 165.000 euroko aurrekontua.

Alkatearen esanetan, kasu honetan, ‘lau urteko parentesi baten ondoren’, Euskal Pilota eta Buztuntza auzoetan, 2011an kudeatzen hasitako egitasmoa berreskuratzen da. Hala, errepideko eta trenbideko zaratak gutxitzeko pantaila akustikoak jarriko dira. Bere garaian San Bartolome auzoan jarri ziren eta aipaturiko auzoetan orain. Honekin ere, bizilagunen bizitza kalitatea hobetzea da helburua.