Zaindariaren jaietako hondakinen bilketan ordutegian eta egutegian aldaketak egongo dira

Ordiziak hondakinen bilketa sisteman aldaketak onartu ditu, biztanleek iragan martxoan onartutako erabakiaren ondoren. Jose Miguel Santamaria Alkateak eta Ingurumen Teknikaria den Angelica Morenok, berritasun hauen aurrerapen bat eskaini zuten eta Santa Ana jaietan hondakinen bilketaren ordutegia jakitera eman dute.

Edukiontziak abuztuan ezartzen hasiko dira, dagokion azterketa teknikoa egina dagoelarik, momentuz “atez ateko” sistema jarri baino lehen zeuden tokietan. Hortik aurrera etxebizitzetan sortutako hondakinen bilketa edukiontzi kolektiboetan egingo da. Irailaren bukaerarako denak jarrita egotea aurreikusten da.

Hasierako etaparekin alderatuz zenbait aldaketa ere badaude. Nagusiena da ez dela edukiontzi orlegirik egongo “nahastuta” dagoen zaborrarentzat. Hau da, birziklagarriak ez diren hondakinak (“errefusa”) itxita dagoen edukiontzi grisean utziko dira eta irekitzea txartel bidez egingo da, asteko bi egunetan. Organikoarentzako den edukiontzi marroia itxita egongo da baita ere eta txartel bera erabiliz irekiko dugu egun guztietan.

Irekiera txartel bidez

Edukontzi grisa zein marroia, egun konposta egiteko poltsak jasotzeko txartelarekin irekiko da. Eskatu ez duenak edo oraindik eskuragarri ez duenak, berri bat eska dezake bere izen-abizenak emanez Udal Arreta bulegoan astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:30etara edota Udaltzainen bulegoan 13:30etatik 21:00ak arte.

Haur-oihalak jasotzeko edukiontzi bereziak jarriko dira. Hau beste berritasun bat da. Edukiontzi hauek itxita egongo dira eta beste bezala eskatu beharreko bigarren txartel bat erabiliz irekiko dira.

Merkataritza saltokien bilketan ez dago, momentuz, aldaketarik. Gaur egun duten zerbitzu eta egutegi bera izango dute eta ez dute txartela erabili beharrik izango. Ez dago aldaketarik. Kalean aurkitzen diren edukiontziak etxebizitzetarako dira.

Berrikuntza hauek denak ezagutzera emateko medio desberdinak erabiliko dira. Besteak beste, datozen egunetan herriko etxebizitzetara iritsiko den informazio orria.

Bilketa herriko jaietan

Udaleko arduradunek hurrengo zaindariaren jaietan sortutako hondakinak era egokian banatzea ordiziar bakoitzaren erantzunkizuna dela azpimarratu dute. Gainera, aldaketak egongo dira egun hauetan egutegiari dagokionez eta baita bilketa ordutegiari dagokionez ere, nahiz eta atez atekoa egon.

Ontziak ateratzeko ordutegia honakoa izango da: 13:30etatik 15:30etara eta bilketa 15:30ean hasiko da.

Haurren jaien lehenengo astebukaeran, ostiralean (uztailak 15) organikoa aterako da eta larunbatean (uztailak 16) ontzi arinak aterako dira aipatu ordutegian betiere.

Bigarren astebukaeran, egutegia honokoa izango da: Organikoa ostiralean (uztailak 22), ontizak larunbatean (uztailak 23), berriro organikoa igandean (uztailak 24), eta astelehenean papera (uztailak 25). Asteartetik, uztailak 26, ohiko zerbitzua eskainiko da, aldaketarik gabe hain zuzen.