Bi semaforo jarriko dira hilerri eta Majori plaza inguruan

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurri berriak ezarriko dira Ordizian. Badaezpadako neurriak izango dira, trafikoa lasaitzeko. Aurten auzoz auzo herritarrekin egindako bileren ondoren azaldutako eskaerei erantzunez hartu du erabakia Udalak. Gogoratu behar da udalerrian orduko 30 kilometroko abiadura baino handiagoa ezin dela hartu. Muga hori ordea ez da beti errespetatzen.

Herritarren eskariei erantzunez, abiadura mugatzeko neurri nagusia Filipinak kaleko 22 zenbaki parean jarriko den semaforo finkoa da. Trafiko handiko gunea da, N-1etik datozenentzat sarbideetako bat. Hemen, orduko 30 kilometroko abiadura gaindituz gero, semaforoa gorri ipiniko da eta ibilgailua gelditu egin beharko da kolorea aldatu arte. Ekainean ipiniko da semaforoa eta eguna iristean berriz ere jakitera emango da.

Majori 6 parean oinezkoek bidea zeharkatzean botoia sakatu eta gorri jartzen den semaforoa jarri nahi da. Kasu honetan Udalak eskariari dagokion tramiteak abian jarri ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko luke semaforoa, honen ardurapekoa baita Zaldibiara daraman errepide hau. Udalak gogora ekarri nahi du hemendik gertu, Orkli lantegi parean, badela semaforoa eta abiadura motelean ibili behar dela inguru honetan, lantegiez gain etxebizitzak ere badira eta.

Radar mugikorra, maiatzaren 18an

Azkenik, arazoaz jabetzeko, radar mugikorra ibiliko da Ordizian hilean behin. Maiatzaren 18an ibiliko da lehenengoz eta kanpaina informatiboa egiteko izango da. Hau da, abiadura gainditzen dutenak geldiarazi eta ohartarazi egingo dituzte. Hurrengo egunean, hilaren 19an, abiadura muga errespetatu ezean santzioak jarriko dira. Esan behar da, eta jakitera ere emango da, santzioen bidez jasotako dirua segurtasuna hobetzen segitzeko erabiliko dela.