Bilketa sistema aldatu arte atez atekoa erabiltzen segitu behar dela gogoratu dute

Ordiziarrek etxeko hondakinak biltzeko txipdun edukiontzien sistema aukeratu zuten aurreko martxoan egindako herri kontsultan. Udalbatzak kontsultaren emaitza ontzat eman eta Udalak Sasieta Mankomunitateari sistema ezartzeko dagokion eskaera egin zuen. Aldaketa mankomunitatearen epeen baitan dago. Ordiziako Udalak eta kontsulta antolatu eta jarraipena egiteko sortutako Hondakinen Mahaiak, herritarrei etxean hondakinak ondo bereizi eta kalean dagokion moduan uzteko eskaria egiten dute. Lehen, orain eta gero, birziklapen tasa hobetzea da helburua.

Martxoko datuen arabera, Ordizian birziklapen tasa %73koa da. Minimoaren azpitik dago. Hala, Udalak eta Hondakinen Mahaiak hondakinak ondo bereizteko beharra gogoratu nahi dute. Orain atez atekoa erabiliz eta gero txipdun edukiontzien sistemarekin.

Bilketa efektiboa izateko, hondakinak ondo bereizi eta kaleratu behar dira. Honek esan nahi du ez dagoela  kalean, edozein egun, modu eta orduan hondakinak ateratzerik eta lurrean uzterik. Horrela uzten dena, errefusa gisa biltzen da. Jokaera ez da jasangarria eta, gainera, tratamenduaren gastua igo egiten da.

Atez atekoarekin segi

Hala, txipdun edukiontzien sistema ezarri arte, atez ateko baldeak erabiltzen jarraitu behar da. Kontutan izan baita kaleko zabor ontzietan ez dela etxeko hondakinik utzi behar.

Bilketa egutegia eta ordutegia errespetatu behar dira:

Astelehenean: PAPERA eta KARTOIA

Asteartean, ostiralean eta igandean: ORGANIKOA

Asteazkenean eta larunbatean: ONTZI ARINAK

Ostegunean: ERREFUSA

Baldeak bilketa puntuetara ateratzeko ordutegia 20:00etatik 23:00etara da; eta 20:00etatik 22:30etara erdigunean.

Traste zaharrak astelehen iluntzean atera behar dira, beira botatzeko iglu edo edukiontziaren alboan utziz. Edukiontzi mota hau ez dagoen hondakin bilketa puntuetan ez da trasterik utzi behar.

Azkenik, merkatari, ostalari eta  zabor sortzaile handiekin (ikastetxe, osasun etxe, zahar egoitza, etab.) bilerak egingo dira atez ateko hondakinen bilketaren balorazioa egin eta hobetzeko.