2015-01-29 21PAurreikuspenaren arabera, otsailaren bukaeran esleituko da, eta martxoan hasiko lirateke obrak

Udaberrian 21-Pko lokal hutsak negozio bihurtzeko programa ere martxan jarriko du udalak

Ordiziako Udalak datorren astean jarriko du martxan Goierri kaletik Urdaneta kaleraino igoko den 21-Pko igogailua egiteko lizitazio prozesua. Oinarrizko aurrekontua 107.241 eurokoa izango da, eta aurreikuspenaren arabera, otsailaren bukaeran esleituko da, eta obrak martxoan hasiko dira. Proiektu hau 2013ko udazkenean aurkeztu zen Mugikortasun Iraunkorrerako I. Planaren barruan jasoa dago. Igogailua egiteaz gain, 21-Pn hutsik dauden lokal komertzialak negozio bihurtzeko programa ere martxan jarriko du udalak udaberrian, 2013 eta 2014an zehar herriko hainbat lokal hutsekin egin bezalaxe.

2015-01-29 21P1Igor Eguren alkateak eta Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasuneko zinegotziak eman dute gaur prentsaurrean 21-Pko proiektuaren berri. Egurenek gogoratu du 2014an Urdaneta kalea oinezkoentzat egitea eta Agerrebideko sarrera-irteera egitea izan direla irisgarritasun eta mugikortasunari dagokionez egindako proiekturik garrantzitsuenak, eta aurten, arlo horri dagokion proiektu nabarmenenetako bat igogailu hau egitea izango da.

Proiektuaren moldaketa
"Agintaldi honetan zehar hainbat kokapen aurreikusi eta aztertu dira igogailu honentzat. Igogailuaren kokapena ebatzi da lehentasunezko bezala, baina ez hasierako proiektuak jasotzen zuen eran, aurreko proiektuan igogailuaren ibilbidea Joan Amezketa kalean amaitzen baitzen. Proiektu berri honekin igogailua Urdaneta kaleraino iritsiko da, hartara, erdibidetik goiko kaleraino egongo litzatekeen desnibela gaindituz", argitu du Egurenek.

Behin kokapenaren erabakia hartuta, orain urtebete -2014ko urtarillean- ekin zion udalak proiektua garatzeko lehen pausoak emateari, bai teknikoki zein finantzazio mailan, eta iazko urrian jaso zuen igogailua egiteko aurreproiektuaren moldaketa eta aurrekontua. "Udalak ez du proiektua martxan jarri nahi izan jabekideekin ondo aztertu arte. Agintaldiaren hasieran egin genituen lehen bilerak, eta proiektua garatu eta gero, urtarrilaren 19an egin dugu azken bilera. Jabekideei proiektuarekiko zituzten kezkak argitu zaizkie, eta udalak harremanan mantentzen jarraituko du interesatu guztiekin". Igogailuak lau geraleku izango ditu, eta zortzi pertsonarentzako tokia (630 kilo gehienez). Egingo duen ibilbidea 9,45 metrokoa izango da.

Negozio berrientzako laguntzak
21-P poligonoaren biziberritzea, ordea, ez da mugatuko igogailua egiteari. 2013an eta 2014an auzoetako beharrak asetzeko eta herriguneko zenbait lokal komertzial itxi merkaturatzeko martxan jarri zuen 'Ordizia Zabalik' diru-laguntza programa ere jarriko du abian udaberrian 21-Pko saltokietan. Diru hori negozio berri bat ireki nahi duen ekintzaileari alokairua ordaintzen laguntzeko erabiliko da.