2014-09-29 arabaKonposta egiten aritu diren auzotarrek 5 kiloko konpost poltsa bana har dezakete

Joan den ostiral arratsaldean egin zen Araba kaleko auzokonposgunean konposta ateratzeko ekitaldia. Ordizian martxan jarri zen herriko lehen auzokonposgunea izan zen Arabakoa, iazko apirilean, eta harrezkero, 14 familia aritu dira etxeetako hondakinen zati organikoa bertara bota eta lantzen. Sasietako teknikarien azalpenak entzuteaz gain, konposta nola bahetzen den ikusi ahal izan zen auzotarrek. Maila goreneko konposta (A mailakoa) lortu dute Arabako auzokonposgunean, eta konpost hori 5 kiloko poltsetan sartu dute. Konposta egiten aritu diren familiek astebeteko epea dute (urriaren 6a arte) konpost poltsa bana hartzeko.

Iban Asenjo Zerbitzu, Garapen Iraunkor eta Mugikortasun zinegotziak, Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariak, Leire Garmendia Ingurumen teknikariak, udal lorazainek eta konposta egiten aritu diren hainbat herritar elkartu ziren ostiraleko ekitaldian. Asenjok egindako lana eskertu zien familia horiei, sortutako hondakin organikoa bilketa sistematik atera eta horren kudeaketaz arduratzeaz gain, herriari auzokonposta ondo eta txukun egitea posible dela erakusteagatik.

Etxeko lorontzietan eta baratzeetan
Enrike Enparantzak lortutako konpostaren kalitatea nabarmendu zuen, eta konpost horri eman dakiokeen erabilpenaz aritu zen. Konpost hori 5 kiloko poltsetan dute eskuragarri parte hartu duten familiek, eta astebeteko epea dute bakoitzak zakutxo bana hartzeko. Enparantzaren esanetan, lorontzietan eta baratzeetan erabil daiteke konpost hori orain ongarri modura. Lorontzietan, esaterako, proportzioak honakoak behar dute izan: %80 lurra eta %20 konposta. Baratzeetan, berriz, metro koadroko kilo bat konpost erabiltzea gomendatzen da. Urriaren 6rako hartzen ez diren konpost poltsak Ordiziako Udalaren esku geratuko dira.

Garapen iraunkor eta mugikortasun delegazioak aurreratu duenez, datozen asteetan beste auzokonposgune batzuetako konposta aterako da, Oreja parkekoa eta Anselmoren baratzekoa. Zelai partikularrik ez duten etxeek 2013ko udaberritik dute konposta egiteko aukera, eta tarte horretan 6 auzokonposgune sortu dira: Arabako lorategia; Oreja parkea: Filipineta kalea; Buztuntza etxaldeko lorategia: Buztuntza auzoa; Anselmoren baratza: Erdigunean geratzen den baratza bat da; Eskarabilla auzoko lorategia; eta San Joan auzoko parke berria. Auzokonposta egiten 76 familia ari dira gaur egun, eta autokonposta egiten, berriz, 39 familia. Familia horiek guztiek hobariak izango dituzte hondakinen tasan.

Beste lau gune martxan urtea bukatzerako
Aurten bertan, beste lau auzokonposgune martxan jarriko dituzte Ordiziako Udalak eta Sasieta Mankomunitateak: Majoria auzoan, Altamira auzoan, Barrena parkean eta Urdaneta ikastetxean (azken honetan ikastetxeko jangelako frakzio organikoaren zati gordina jasotzeko eta atezainak sortzen duena jasotzeko konpostagailu bat jarriko da).