2014-06-26 lurraHondakinen alorrean eragindako aldaketarengatik gipuzkoarrei eskerrak emateko erakusketa bat da

Bioterra azokan jarritako bera da, eta Ordiziaren ondoren, beste herri batzuetara joango da

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskerrak emango dizkie gipuzkoarrei hondakinen alorrean lurraldean eragindako aldaketarengatik, eta horretarako erakusketa jarriko du hainbat herritan. Erakusketa hartuko duen lehendabiziko udalerria Ordizia izango da: herriko plazan egongo da bihar, 10:00etatik 20:30era. Ondoren, uztailean, abuztuan eta irailean, Gipuzkoako hainbat herritara eramango du Foru Aldundiak.

Erakusketa ekainaren hasieran Irungo Bioterra azokan jarritako bera da eta, gipuzkoarrei eskerrak ematea du helburu: Gipuzkoan azken urteotan hondakinen kudeaketan gauzatutako aldaketa islatzen du, eta herritarrek aldaketa horretan izandako protagonismoa nabarmentzen du, hainbat testigantzaren eta bideo baten bitartez, besteak beste. Erakusketako euskarrien materiala birziklagarria da % 100ean.

"Hondakinen alorrean, aldaketa sozial bat abian da Gipuzkoan. Milaka eta milaka herritarrek kontzientzia hartu dute hondakinen arazoaz, eta jarrera aktiboaz, norabide aldaketa horren protagonista bihurtu dira; gauzak txukun egitea erabaki dute, eta horixe egiten ari dira: konpostatzen edo birziklatzen, sistema batekin edo bestearekin, eguneroko keinu txikiez... Gipuzkoa hobea egiten ari dira. Aldaketa sozial sakona abian da Gipuzkoan, norberaren arduran eta konpromisoan oinarritutakoa, epe luzera begirakoa, eta muga politikoak eta unean uneko planteamentuak gainditzen dituena", adierazi du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Horregatik eramango du, hain zuzen ere, Foru Aldundiak erakusketa hainbat herritara datozen asteetan.