2014-03-24 urbandog1 'Urban Dog Nature' sistema berriarekin, hormak eta hiri-altzariak zikintzea saihesteaz gain, parkeak eta lorategiak ongarritzeko konposta hobetzen da

Txakurren pixak hormetan eta hiri-altzarietan sortzen dituen zikinguneak eta usain txarra saihesteko, pixa biltzeko sistema berri bat jarri du Ordiziako Udalak herriko lau gunetan. 'Urban Dog Nature' izeneko egitura horien bidez, txakurren behar fisiologikoak asebetetzeaz gain, herriko parke eta lorategiak ongarritzeko konposta hobetu egiten da txakurren pixak dituen mantenugaiei esker. Urtebeterako proba pilotua izango da, udalari ez dio kosturik suposatuko, baina aparailuen erabilpen egokiaz eta mantentze lanez udala arduratuko da.

Iban Asenjo Ordiziako Udaleko Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak eta Nicolas Jardi 'Urban Dog Nature' sistemaren sortzaileak aurkeztu dute gaur sistema berria Behe Nafarroa kalearen eta Bizkaia pasealekuaren bidegurutzean kokatutako aparailu berriaren ondoan. Beste hiru egiturak honako zonaldeetan jarri dira: Samperio eta Arramendi kaleen arteko bidegurutzean, Joseba Rezola pasealekuan (Goierri kalea 10 zenbakiaren parean) eta Buztuntza plazan.

'Urban Dog Nature' altzairu herdoilgaitzez eginiko egitura bat da, erresistentzia handikoa eta iraupen luzekoa. Lurrari itsatsita dagoenez, sistema sendo eta segurua da, eta erraza instalatzeko eta mantentze lanak egiteko. Txakurren gorotzak biltzeko ontzi bat ere badu. Ordizian jarri diren lau egiturek badute berezitasun bat; Ordiziarako espreski, estalki bat jarri zaie teilatu modura euri-urarengatik babesteko.

Urtebeterako proba pilotua
Ordizian, gainontzeko herrietan bezalaxe, gero eta gehiago dira txakurrak dituzten familiak, eta txakur askok etxebizitzetako hormetan eta hiri-altzarietan egin ohi dute pixa. "Urtebeterako proba pilotu modura, eta kosturik gabe, sistema hau ezartzeko aukera eskaini zigutenean, aurrera egitea erabaki genuen. Batetik, herria garbiagoa edukitzea lortuko dugulako, eta bestetik, parke eta lorategiak ongarritzeko konposta hobea izatea ahalbidetzen duelako. Sistema erraza, garbia eta ekologikoa da", adierazi du Iban Asenjok.

Kataluniako sei herritan jarri zituzten aurrenekoz pixa biltzeko egitura hauek 2013ko abenduan proba pilotu modura, eta Asenjok aurreratu duenez, Ordizia izango da sistema hau ezarriko duen Euskal Herriko lehen herria. "Katalunian harrera ona izan dute, eta hemen ere hala izatea espero dugu. Txakurrak egitura horien ingurura eramateko deia egiten diegu txakur-jabeei, herritar guztion ardura baita Ordizia txukun eta iraunkorrago baten alde egitea". Asenjok gogoratu du 2008tik daudela Ordizian txakurren gorotzak jasotzeko Pipican makinak.

Garbitasuna eta aprobetxamendua
Nicolas Jardi 'Urban Dog Nature' sistemaren sortzaile eta sustatzailea da. Txakur-jabea ere bada, eta animalia horiek kaleetan zikinkeriak sor ez zezaten zegoen instalazio gabeziak kezkatuta hasi zen zeregin honetan. "Buruari buelta asmo eman eta gero, pixa usainaren arazoa konpondu ez ezik, parke eta lorategietan erabiltzeko konposta hobetzen duen sistema bat sortzea erabaki nuen".

Zenbait proba eta diseinu egin eta gero, sistemaren eraginkortasuna frogatzen duten datuak bildu zituen Jardik zentro espezializatu batzuen laguntzaz, eta sistema patentatzea erabaki zuen. Iazko urrian Lleidan egin zen Municipalia azokan aurkeztu zuen aurrenekoz, eta orain proba pilotu modura ezartzen ari da interesa azaldu duten herrietan. "Sistema honen berritasun nabarmenena da kaleen garbitasuna eta animalien hondakinei ateratzen zaien aprobetxamendua uztartzen dituela".

Egiturak metro koadro bateko altzairuzko oinarri bat du, eta haren barrenean, kimaketa-hondarrak sartzen dira. Aldian-aldian, udal langileek txakur-pixarekin nahastutako hondar horiek konpostagailura eraman beharko dituzte, gerora jardin eta lorategietan erabiltzeko. Jardik adierazi du Applus Agroambiental laborategian egitura horietan sortutako konposta aztertu dutela, eta frogatuta dagoela konpostaren ezaugarriak nabarmen hobetzen direla.

Horrez gain, zehaztu du CREAF erakundeak (Baso Erabilerako eta Ikerketa Ekologikorako Zentroa) aldeko txostena egin duela Katalunian egin diren proba pilotuei inguruan.

Info +: www.urbandognature.com

2014-03-24 urbandog