2014-02-21 Mugikorrak Garaguneko lagunek udaletxean bildutako sakeleko telefono eta antzeko gailuak Garbigunera eramango dituzte asteazkenean

Datorren asteazkenean, hilak 25, Garaguneko lagunek (Goienetxe Fundazioa) udaletxean biltzen diren zahartutako sakeleko telefono, gailu elektroniko txiki, CD eta antzekoak hartzera pasako dira udaletxetik, eta Garbigunera eramango dituzte lehen aldiz. Sakeleko telefonoak Stop Sanfilippo Fundazioari laguntzeko bideratuko dira.

Garagune Zentroak eta Ordiziako Udaleko Garapen Iraunkorreko sailak lankidetzan sortutako ekimena da. Aurrerantzean ere zentroko pertsonek eramango dituzte gisa honetako gailuak Garbigunera, beraiekin zehaztutako egutegi bat zehaztuz. Garaguneak beste urrats bat egin du bere gizarteratze programaren barruan, herritarrei eta udalari laguntza eskainiz birziklatze lanak egiteko garaian.

Goienetxe Fundazioak adimen urritasuna duten pertsona helduei zerbitzuak eskaintzen dizkie Ordiziako Garagune zentroan. Ez da lehenengo aldia udalarekin bat eginda ekimen batean parte hartzen dutela. Hiri hezitzailea programaren barruan, esaterako, tertulia literarioetan parte hartu izan dute.

Herritarrei deia
Garapen Iraunkorreko sailak etxeetan zaharkiturik dauden mugikor, gailu eletroniko txiki, CD eta antzekoak udaletxera eramateko deia egin nahi die herritarrei. Udaletxeko sarreran horretarako prestatu den edukiontzi laranja batean jasoko dira, bulego ordutegian.

Bildutako telefono zahar horiek Stop Sanfilippo fundazioari bideratuko zaizkio, ikastetxeetan egiten ari den Mugikor bilketa kanpainarekin bat eginez