2014-02-20 Habia Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hasitako elkarlanaren lehen ekintza izango da

Datorren igandean, hilak 23, hegazti txikientzako hogei habi-kutxa jarriko dituzte Oiangu parkean Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko 8 eta 11 urte bitarteko berrogei haur inguruk. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oianguko naturaren ezagutza eta ingurumen sentsibilizazioa sustatzeko hasitako elkarlanaren lehen ekintza izango habia-kutxen tailerra.

Tailerraren helburua 8 eta 11 urte bitarteko umeek inguruko hegazti txikiak ezagutu eta horientzako habia-kutxak egiten ikastea da. Aranzadiko Ornitologia saileko bi begiralek hegaztiei buruzko azalpenak emateaz gain, habia-kutxak zer diren, zertarako erabiltzen diren eta zein hegaztik erabiliko dituzten erakutsiko diete haurrei.

Kutxak desmuntatuta eramango dituzte Aranzadikoek, eta umeek, piezak lotuz, habia-kutxak eraikitzeko aukera izango dute. Amaitzeko, eta baldintza meteorologikoen arabera, habia-kutxak Oiangu parkean zehar zintzilikatuko dira tailerra egingo den gunetik gertu. Umeek haien guraso edo tutoreekin joan ahal izango dute tailerrera.

Hiru orduko tailerra
Aranzadi elkarteak eskola mailan egin du soilik tailerrean parte hartzeko deialdia. Igandekoan berrogei haurrek hartuko dute parte (ikastetxe bakoitzetik hogeina), baina ekintza gehiago egitea aurreikusten denez (fruta arbolak landatu, hegaztiei eraztuna ipini, konposta egin, txangoak...), oraingoan kanpora geratu direnek hurrengo batean izango dute parte hartzeko aukera.

Oiangurenandi baserriaren ondoko eraikinean elkartuko dira parte-hartzaileak igandean, 10:00etan, eta habia-kutxak muntatu eta gero, zuhaitzetan zintzilikatuko dituzte. 13:00ak bertan egotea da asmoa, baina eguraldiak laguntzen ez badu, 12:00etan bukatuko litzateke tailerra. Hamaiketakoa norberak eraman behar du.

Aranzadiren proiektu pilotua
Aranzadik aurreratu duenez, igandean Ordizian egingo den tailerra proiektu pilotu baten hasiera da, orain artean ez baita egin horrelakorik Gipuzkoan. Aranzadiren programa honek Txoribox izena du, eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako sentsibilizazio egitasmo bat da.

Aranzadiren esanetan, habia-kutxak jartzea onuragarria da hegaztien kontserbaziorako. Urte luzez basoei eta herrietako parkeei eman zaien erabileraren ondorioz, gure ingurua zuhaitz gazteez osatua dago. Zuhaitz horiek ez dute zulo naturalik, eta horregatik, hegaztiek ezin dituzte erabili babesteko eta ugaltzeko. Habia-kutxak zulo natural horien ordezko dira, eta beraz, kutxa horiek jarriz gero, mesede egiten zaie zuloak erabiltzen dituzten hegaztiei.