2014-02-10 Hondakinak Gaur goizean agerraldia egin du gobernu taldeak hainbat hausnarketa egiteko

Ordiziako Udal Gobernu taldeak hainbat irakurketa plazaratu nahi ditu hondakinen kudeaketaren aurrean. Lehenik eta behin, herritarrak zoriondu etxeko hondakinak birziklatzen ari diren ahaleginarengatik, Ordizia garbiago eta iraunkorrago baten alde egiten ari diren saiakerarengatik. 

Ordiziarren esfortzuari esker %36ko birziklapen tasatik %78ra pasatu gara, Ordizia eta Sasieta osoa erreferente bilakatuz. Sasieta da Gipuzkoan, Euskal Herrian eta, ziur aski, Estatu osoan, gehien birziklatzen duen mankomunitatea, %50eko langa gaindituz.

Ordizian hondakin bilketa ondo egiten ari gara. Zabortegira doan hondakin kopurua nabarmen murriztu dugu bilketa sisteman aldaketa eman zenetik. Hala ere, bada ordiziar kopuru txiki bat Sasieta Mankomunitateak ordiziar eta goierritar guztiei emandako ordenantza betetzen ari ez dena. Egoera horrek, honako galderak egitera garamatza:

- Zilegi al da gutxi batzuek gaizki egiten dutelako guztion kaleak zikinagoak izatea?

-Gutxi horiek gaizki egiteagatik, hondakin bilketan zerbitzu berezi bat jarri behar da martxan, zabor horiei tratamendu berezi bat eman behar zaie eta horrek gain-kostu bat dakar. Zilegi al da guztiok ordaintzea bakar batzuek gaizki egiten dutena? Ala gaizki egiten duenak berak ordaindu behar du?

-Udalak jarraituko du informazioaren, heziketaren eta kontzientziazioaren bidez herritarrek ondo egin dezaten bultzatzen, eta sistema hobetzen jarraituko du. Herritarrei herritarrenganako errespetua eta konpromisoa eskatzen diegu.

EAJk eta PSEk ez dute inongo daturik Legazpi zein Lazkaoko informazioa jorratzekoan, eta asmatzera jo dute. Abenduko udaleko osoko bilkuran onartu behar izan zuten daturik ez zeukatela. Beasainen ondo egiten dutenei hobariak aplikatzen dizkiela azpimarratzen dute. Beasainen zabor tasan %34,6ko igoera aplikatu da eta 5. edukiontzia erabiltzen dutenentzat %8koa. Ordizian, berriz, zabor tasa KPIa (%1,5) soilik igo da. Eta ezin dugu ahaztu Ordizian aurreko agintaldian bi urtetik gora izan genuela 5. edukiontzia, eta birziklapen maila %36tik gora ez zela pasa. Zer egin dute EAJk eta PSOEk birziklapen tasa hobetzeko?

Udal gobernu hau prest dago, beti egon da, egungo emaitzak hobetzeko edozein proposamen aztertzeko, eta halaxe jakinarazi diegu EAJri eta PSE-PSOEri behin baino gehiagotan. Eta gaur berriro ere horretara interpelatzen ditugu. Benetan kultura eta izaera demokratikoa badute, ingurumenaz eta herritarren osasunaz arduratzen badira, eta herritarren ongizateaz arduratzen badira, honako enplazamendua egiten diegu: anima ditzatela ordiziarrak hondakinak ondo sailkatuta ateratzera saboteatzera animatu beharrean.

Azken bolada honetan EAJko eta PSE-PSOEko ordezkariak elkarrekin gobernu hau kritikatzen eta Bilduk kudeatzen dituen hainbat herrien adibideak jarriz ikusi ditugu. Izan ere, hondakinen kudeaketan erreferentea Bildu da eta horren froga Bilduk kudeatzen dituen herrietan lortzen ari diren birziklapen tasak. Hondakinak kudeaketan Bilduk aldaketak ezarri dituen leku guztietan birziklapen tasa handitzeko izan da eta egindako aldaketa horri esker herri horiek erreferente ere bilakatzen ari dira. Normala da, beraz, EAJk eta PSEk guk kudeatzen ditugun herri horiei begira egotea, izan ere, beraiek kudeatzen dituztenei begira jarriz gero oso gutxi dago ikasteko, edo, beharbada, ezer ez.

Irunek eta Hondarribiak osatzen duten Txingudi mankomunitatean, EAJren eta PSE-PSOEren kontrol politikopean dagoena, 2012ko birziklapen tasak 2011koak baino txikiagoak izan ziren eta baita ere, 2010eko baino txikiagoak. Hori al da Ordiziako EAJ/PSEren eredua? Atzera egitearena?

Debabarrena mankomunitatea, PSEk eta EAJk ere kontrolatzen dutena, Eibar zein Elgoibar erreferente kaxkarren moduan, Gipuzkoa osoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea da. %27ko birziklapen tasa eskandalagarria izan beharko luke.

Urnietan EAJk hitza eman zuen edukiontzia marroia erabiliz %60ko birziklapen tasa batera iritsiko direla. Urtebete pasatu ostean, EAJk berak onartu behar izan du helburutik oso urrun daudela eta hobekuntzak sartu ezean ezinezkoa izango dela helburu horretara iristea.

Ez, gure erreferentzia ez da EAJren eta PSEren kudeaketa, gure erreferentziak Italia, San Frantzisko, Katalunia, Usurbil, Sasieta... eta Ordizia dira. Sasietatik atera gabe, herri handien artean Zumarraga da gutxien birziklatzen duena, Lazkao, Legazpi, Urretxu, Beasain eta Ordiziaren atzetik. Zer hobekuntza egiteko prest daude birziklapen tasak hobetzeko? Zumarraga da gaur egun Beasaingo zabortegira zabor gehien botatzen duen herria.

Udal gobernu hau prest dago kritikak jasotzeko, ekarpen positiboak entzuteko, hobekuntzak ezartzeko... baina gure herria zikintzen uztea baldin bada oposizioak egiten digun eskaera argi eta garbi esango diegu ezetz, ez dugula gure herria zikin ikusi nahi, eta nahita zikintzen duenari esan behar diogu jarrera hori ez dugula onartuko. EAJ-PSE prest al daude gure kaleak zikintzen dutenei kobertura politikoa emateko? Hori al da beraien proposamena Ordizia hobetzeko? Sasietako araudia ez betetzeko eskatu nahi al digute? Espero dugu erantzuna ezezkoa izatea, Sasietako ordenantza 2012ko otsailean aho batez onartu baitzen, besteak beste, EAJren eta PSEren ordezkarien aldeko botoekin.