2014-02-06 carlos yescas Basque Culinary Centerren hizlari modura aritu ondoren inguratu da Ordiziara

Basque Culinary Center-ek otsailaren 3 eta 4an antolatu duen ekintzaile gastronomikoen "Culinary Action!" I. Nazioarteko Forumean hizlari gisa entzun ondoren, Carlos Yescas Gaztagile Maisua (berak hala deitzen dio bere buruari) Ordiziara bisitan ekartzeko aukera izan zen atzokoan. Ez zuen azoka ikusteko aukerarik izan baino D´elikatuz Zentroko ikus entzunezkoaren bitartez ezagutzeko aukera bai, baita Plaza Nagusia bisitatzeko ere. Ordiziak Idiazabal Gaztarekin daukan harreman estua ezagutu ondoren gogotsu agertu zen Iraileko Lehiaketa epaimahaikide bezala aritzeko eta ziur gaude berandu baino arinago bertan izango dugula.

Carlos Yescas Angeles Trujano eta bere arreba Georgina, Lactography familiako enpresaren sortzaileak dira. Ipar Amerikan artisau gaztaren ezagutza sustatzeaz gain, Mexikon bereziki, landa eremuko ekoizleei laguntzen dihardute, zeintzuk kalitate handiko artisau gazta ekoizten duten onestasun osoz.

Carlos Inglaterrako Guild of Fine Foods-eko Nazioarteko Epaile Gorenaren gradua du, baita Frantziako Guilde Internationale des Fromagers-eko Epaile eta Guardiarena ere; American Cheese Society-ko aholkulari eta kidea ere bada eta Mexikoko Gazta Institutuaren sortzaile ere bai.

Carlosek gastronomia ikasleei klaseak ematen dizkie, dastaketa eta maridajeak zuzentzen ditu eta jatetxeetako lan taldeen prestakuntzan ere badabil.

Ordiziara egin zuen bisitan, Antonio Montecinos izan zuen lagun, hau ere mexikarra eta gastronomia planifikazioan eta turismo jasangarrian aditua.