2014-01-27 Sasieta eta Udala prentsa oharraMerkatariek eta ostalariek paper eta kartoi bilketa zerbitzu pertsonalizatua izango dute otsailaren 10etik aurrera

Sasieta Mankomunitateak hondakinen ordenantzaren arau-hauste espedienteak abian jarriko ditu Ordizian. Sei hilabete pasa dira hondakinen kudeaketa eredua aldatu zenetik, eta datuok oso baikorrak izan arren (gaikako bilketa %78ra heldu da), oraindik orain badira bilketa sistema berrira egokitu ez diren herritarrak. Egoera hori zuzendu nahian, Sasietak eta Ordiziako Udalak hondakinen protokoloa zehaztu zuten orain bi hilabete, eta harrezkero ehunaka kontsultei eman zaie erantzuna.

Bi hilabeteko tarte horretan, 15 informazio espediente ireki dira Ordizian hondakinak kontrolik gabe eremu publikoan uzteagatik, eta aste honetan bertan hondakinen ordenantzaren arau-hauste espedienteak bideratzen hasiko da Sasieta Ordizian. Sasieta Mankomunitatea osatzen duten udalerrien esparruan etxe eta merkataritza hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen Ordenantzako 5. eta 19. artikuluetan xedatutakoaren arabera, (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2012ko otsailaren 27an argitaratutakoa), "debekatuta dago hondakinak kontrolik gabe bertan behera utzi, isuri edo ezabatzea, bai eta horien kudeaketa zailduko duen edozein nahasketa egitea ere. Erabiltzaileak hondakin horiek Sasieta Mankomunitateak jarritako egutegi, ordutegi eta baldintzen arabera uztera behartuta daude".

Zerbitzuaren erabiltzaileak derrigortuta daude hondakinak bereizita, hau da, horien mota eta izaeraren arabera sailkatuta uztera, Mankomunitatearen programazioaren bidez publiko egindako argibideak jarraituz. Ordenantza honi dagozkion arau-hausteak Zigor Araubidean xedatutakoaren arabera zehaztuko dira.

Egiten ari diren ahaleginaz zoriontzeaz gain, Sasieta Mankomunitateak eta Ordiziako Udalak arduratsu jokatzeko deia egiten diete herritarrei. Egoera borondatez zuzendu eta birziklatze tasa handitzeko helburuarekin, Ordiziako Udalak sentsibilizazio kanpaina berriak abiarazi nahi ditu ikastetxe eta elkarteetan. Datozen asteetan jarriko da harremanetan udalerriko hainbat eragileekin programa zehatzak adosten hasteko.

Merkatari eta ostalarientzako bilketa zerbitzua
Eguberrietako bilketa berezien ondoren, eta merkatari eta ostalarien eskaerari erantzunez, otsailaren 10etik aurrera herriko merkatari eta ostalariek neurri handiko bilgarrien (kartoiak, paletak, plastikoak...) bilketa pertsonalizatua izateko aukera izango dute. Zerbitzu berezi hori asteartetan eta ostiraletan eskainiko da, eta interesatuek 626 285 151 telefono zenbakira deitu beharko dute goizeko 11:00tik 12:00ra bitartean. Jasotze lanak 12:00etatik 13:00era bitartean egingo dira.

Zerbitzu honen kostua 10 euro baino gehiagokoa bada ere, zerbitzuak 5 euroko prezio sinbolikoa izango du eskaera bakoitzeko. Bilketarako zerbitzu berri hau sektorearentzat baliagarria izatea eta merkatariek eta ostalariek zerbitzuaren erabilera zuzena egitea espero du Ordiziako Udalak.