2013-11-28 Birziklapenaren prentsaurrekoaAbenduaren 1etik aurrera zuzenketa protokoloa jarriko du martxan Ordiziako Udalak

Ordizian hondakinak biltzeko sistema aldatu zenetik lau hilabete pasa direnean (uztailaren 12an hasi ziren hondakinak atez ate biltzen), Ordiziako Udaleko gobernu taldeak herritarrak, merkatariak eta ostalariak zoriondu nahi ditu hondakinen bilketan izaten ari diren jarrera arduratsuarengatik, eta herri iraunkorrago bat izatea posible egiten dutelako . "Gaur egun, Ordizian hondakinen %78 gaika biltzen da. Uztailera arte, gaika biltzen zen kopurua %36koa zen, egungoaren erdia.", jakinarazi du Igor Eguren Ordiziako Udaleko alkateak.

Belen Maiza, Izaro Intsausti eta Juan Mari Gereñu gobernukideekin batera gaur goizean egindako agerraldian esan duenez, uztailetik hona datuen bilakaera goranzkoa izaten ari da: abuztuan %73, irailean %74 eta urrian %76. "Azaroko datuak erabat itxi gabe daude, baina aurrera dezakegu, Sasieta Mankomunitateak hala jakinarazi digulako, %78ra iritsi dela gaika bilketa. Ordiziarrak ondo egiten ari gara".

Gertuko adibidea jartzeagatik, Lazkao eta Beasainekin alderaketa egin du Ordiziako alkateak. "Lazkaon irailean -sistema aldatu aurretik- eta Beasainen irailean eta urrian edukiontziekin gaika bildutako kopurua %42koa izan da". Gogoratu du 2012ko otsailean hondakinen kudeaketaren inguruko gogoeta abiatu zuela udalak, eta hainbat helburu lortzeaz hizketan aritu zirela, eta horretan jardun dutela azken hilabeteetan herritarrekin. "Guztion esfortzuarekin, hondakinen bilketa efikazagoa, garbiagoa eta jasangarriagoa egiten ari gara Ordizian. Horren lekuko aipatuko dizkizuedan datuok:


Ordizian irailean eta urrian bildu den hondakinen kopuru errealen bataz bestekoa iazko garai berean bildutakoarekin alderatu dugu". *

FRAKZIOA

2012

(BATAZ BESTE)

2013

(IRAILA-URRIA)

ERREFUSA

191,5 tona/hil

52 tona/hil

ORGANIKOA

22 tona/hil

84 tona/hil

BEIRA

23,5 tona/hil

28,5 tona/hil

ONTZI ARINAK

13,5 tona/hil

21,5 tona/hil

PAPERA KARTOIA

33 tona/hil

37,5 tona/hil



Horrez gain, Eguren alkateak aipatu du hondakinen sorkuntza bataz beste %10 jaitsi dela mankomunitate osoan, krisiaren eraginez, eta kontsumo ohitura aldaketen ondorioz.

Abenduaren 1etik aurrera protokoloa martxan
Hala ere, alkateak onartu du sistema berriak egokitzapenak behar dituela, eta horregatik udala hainbat komunitaterekin bildu da dagoeneko auzoetan dauden arazoak doitzeko. "Batzuei irtenbidea eman diegu dagoeneko, eta beste batzuek zuzentzeko ari gara lanean. Oraindik orain aldatu beharreko ohiturak baditugu. Herritarron gehiengoak bide onari ekin dio, baina badira oraindik sistemara egokitu ez diren gutxi batzuk".

Egokitzapen horien artean, sistema berrira bildu ez direnei zuzentzeko helburua du Ordiziako Udalak, eta horretarako zuzenketa protokoloa jarriko du martxan abenduaren 1etik aurrera, "pixkanaka-pixkanaka, guztiok norabide bera abiatzeko".

Udal protokoloak ondorengo jardunbidea zehazten du:

1.- Bilketa egunari dagokion frakzioari egokitzen ez zaizkion gainerako frakzioak (poltsak, oker jaitsitako kubotxoak, puntuetan utzitako gainerako hondakinak) ez dira egunero jasoko. Puntuan edo zintzilikarioan utziko dira osteguna arte (errefusa biltzeko eguna).

2.- Kutsakorrak bilakatzen diren puntuetan (udalak identifikatuko ditu puntu 'beltzak') jarraipen berezia egingo da eta neurri zuzentzaileak hartuko dira.

Udalak protokoloaren bi jarraipen bide irekiko ditu: barne mailakoa bata eta jarraipen batzordea bestea, herritarrek osatua. Jarraipen batzordea auzoetako bileretan bilduko da eta bileren lehen gai gisa aztertuko da hondakinen gaia. Edozein herritarrek parte hartu ahalko du bertan eta ez da derrigorrezkoa izango bilera guztian egotea, jarraipen batzordeak irauten duen tartean egotea izango da ezinbestekoa.

Herritarrei zero zabor norabidean jarraitzeko eta beren proposamenak helarazteko deia egin die udalak, guztion esku baitago Ordizia iraunkorragoa egitea.

Hondakinen kudeaketarako informazio bulegoa: (Tfnoa: 608 67 57 91)

---

* Atez ateko sistema ezarri aurretik dauden bilketa datuak bataz bestekoak dira. Mankomunitatean biltzen diren hondakinen kopuru osoa biztanlegoaren baitan banatzen du Sasietak.