IMG 1141

Ordizia da zeregin horretarako ibilgailu elektriko bat erabiltzen duen Gipuzkoako lehen herria

IMG 1141Ordiziako Udalak kaleko zakarrontzien gaikako bilketa egoki bat egiteko ibilgailu elektriko bat eskuratu berri du. Uztailaren 12an atez ateko hondakin bilketa sistemarekin hastearekin bat, kalean gaikako bilketa egiteko zakarrontziak jarri zituen udalak herrian zehar, eta ibilgailu elektriko berri horrekin astelehenetik ostiralera egunero jaso ahalko dituzte udal langileek kaleko zakarrontzietan bildutako lau hondakin motak (organikoa, ontzi arinak, errefusa eta papera-kartoia).

Urrian zehar hiru asteko probaldi bat egin ondoren, aste honetan hasi dira udal langileak kaleko zakarrontzien bilketa ibilgailu elektriko berriarekin egiten. Iban Asenjo Ordiziako Udaleko Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak eman ditu gaur goizean ibilgailu elektriko hori erosteko argudioen berri, Igor Eguren alkatearekin eta bilketarako ardura duten udal langileekin batera egin den aurkezpenean.

"Gaikako bilketarako zakarrontziak kalean jarri genituenean konturatu ginen sistema zaharrarekin bilketa egoki bat ezin genuela egin. Beste herri batzuetako bilketa sistemak aztertu ondoren, ibilgailu berri bat erostea erabaki genuen. Hainbat herritan hondakin mota bat edo bi biltzen dituzte egun bakoitzean, eta guk berriz, bilketa ahalik eta hobekien egiteko, egunero hondakin guztiak jasotzea erabaki genuen, ibilgailu berri honek hori egitea ahalbidetzen digulako".

Bilketa egiteko eredu iraunkorra

IMG 1143Zerbitzuen sektorean eskarmentua handia duen Gipuzkoako enpresa bati erosi dio ibilgailu elektriko berria Ordiziako Udalak, 18.735 euroan. Udalak argi zuen kaleko zakarrontzien gaikako bilketa egiteko eredu iraunkor baten alde egin behar zuela, eta horregatik erabaki zuen ibilgailu elektriko bat erostea. Honako abantailak aipatu ditu Asenjok. "Langile bakar batek herrian zehar jarritako zakarrontzi guztien gaikako bilketa egin ahal izango, eta ibilgailuak ez du erregai fosilik behar, guztiz elektrikoa baita".

Ordizia da zeregin horretarako ibilgailu elektriko bat erabiltzen duen lehen herria, eta Asenjo pozik azaldu da hala izatearekin. "Inbertsio berri honekin garapen iraunkorraren alde, eta herri garbi eta hobeago baten alde egiteko duen konpromisoan berresten da Ordiziako Udala". Horrez gain, zinegotziak gaineratu du orain hamabost egun Lleidan egin zen Municipalia azokan harrera "oso ona" izan zuela ibilgailu elektriko honek.

Printzipioz, astegunetan egingo dute udal langileek gaikako bilketa, eta asteburuetan nola egin aztertzen ari direla zehaztu du Asenjok. "Oraindik funtzionamendua eta antolaketa aztertzen ari gara, eta oso litekeena da hobekuntzak egotea. Hau sistema malgua da, dinamikoa, eta egin ahala ikusiko dugu non hobetu dezakegun".

Ibilgailuaren ezaugarriak

IMG 1143Polarix GEM XD motako ibilgailua da, bi plazatakoa. 72 voltiotako bateria elektrikoa du, eta 220 Vko kargaldi bakarrak 64 kilometro osatzeko autonomia ematen dio. Hauek dira ibilgailuaren neurriak: luzera 366 zentimetro; zabalera 138 zentimetro; eta garaiera 180 zentimetro. 703 kiloko pisua du, eta 40 kilometro orduko abiadura har dezake gehienez.

Ibilgailuak lau gurpiletan ditu balaztak, eta atzeko partean, goialdean, balazten argia pizten zaio gainontzeko ibilgailuek argi ikus dezaten. Elektrikoa denez, ez du gas toxikorik isurtzen ingurumenera, eta kalean nahiz barruetan erabil daiteke. Energia kontsumo aldetik eraginkorra eta merkea da.